Gizartea -

Erraustegia

Zabortegi pribatuek jasotzen zituzten 11.000 tona hondakin ez industrial, Zubietara

Bestalde, Aldundiak ukatu egin du Zaldibarko soberakinak Zubietara eramango dituztenik, arriskutsuak direlako.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurugiro diputatua. Argazkia: EiTB
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurugiro diputatua. Argazkia: EiTB
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurugiro diputatua. Argazkia: EiTB

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurugiro diputatuak azaldu duenez, orain arte Mutiloko eta Zaldibarko zabortegi pribatuetara, "partzuergotik igaro gabe", eramaten zituzten 11.000 tona hondakin ez industrial Zubietako hondakinak kudeatzeko plantara eramango dituzte. Gainera, azpimarratu du inola ere ez dituztela bertara eramango Zaldibarko soberakinak, arriskutsuak direlako.

Asensiok agerraldia egin du Batzar Nagusietan bere sailak Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko istripuaren inguruan egindako kudeaketa azaltzeko.

Diputatuak argi adierazi nahi izan du Aldundiak hiri hondakinak bakarrik kudeatzen dituela, industrialak, Zaldibarren pilatzen zituztenak, Eusko Jaurlaritzaren eskumena direla.

Asensiok jakinarazi du urtero Mutiloko (dagoeneko itxita dago) eta Zaldibarko zabortegi pribatuetara eramaten zituztela Gipuzkoan sortutako 11.000 tona hondakin ez industrial. Horren arrazoia aurreko Aldundiaren kudeaketa txarrari leporatu dio, EH Bilduk Zubietako erraustegia gelditu izanari, alegia.

Martxoaren bigarren hamabostalditik aurrera, hondakin horiek guztiak Zubietako plantan tratatuko dituzte, horrela erabaki baitzuten mankomunitateek otsailaren 19an egindako bilera batean.

Tamaina handikoak, plastikoak, egurra, eraikuntzako eta txikizioko hondakinak eta nahasketak izango dira Zubietara eramango dituztenak, erraustegiak eta gainerako azpiegiturek horretarako baimenak baitituzte.

Diputatuak adierazi du Gipuzkoak ez duela jada zabortegirik behar "eraiki dituen azpiegiturei esker", eta Gipuzkoako mankomunitate guztien hiri-zabor guztiak hartu ahal izango omen ditu.

Berretsi du "Eusko Jaurlaritzaren esku" utziko duela, hala nahi badu, Epelen geratzen den lekua Zaldibarko soberakinak jasotzeko, nahiz eta Debagoienako Mankomunitateari dagokion erabaki hori hartzea. Dena dela, ezingo dira inola ere Zubietara eraman, nahastuta daudenez, arriskutsuak direlako.

Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak ez omen du Zaldibarko zabortegiko lur-jausiarian prozesu judizialean parte hartzeko asmorik, ez duelako eskumen zuzenik, baina justiziari laguntzeko prest agertu da.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak erakundeen kudeaketa salatu du, gardentasunik ez dela izan eta "inprobisazioa" gailendu dela iritzita.

Horren harira, ezbeharra gertatu zenean Markel Olano ahaldun nagusia eta Asensio bera non zeuden galdetu du, eta gogor salatu du mankomunitatearen oniritzirik gabe Epeleko zabortegia eskaini izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar azken ordukoa Ingurumena Birziklatzea Euskadin