Gizartea -

Koronabirusa

Jesus Loza isolatu dute, koronabirusa duen mediku batekin kontaktuan egoteagatik

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia Txagorritxu Ospitalean dabil mediku, eta bertan positiboa eman duen osasun-langile batekin harremanetan izan da.

Jesus Loza, artxiboko irudian. Argazkia: Radio Euskadi.
Jesus Loza, artxiboko irudian.
Jesus Loza, artxiboko irudian. Argazkia: Radio Euskadi.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi eta Txagorritxu Ospitaleko medikua isolatu dute, koronabirusean positiboa eman duen mediku batekin kontaktuan egoteagatik. Positiboa eman duen mediku hori ere bada Txagorritxu Ospitaleko medikua.

Lozak otsailaren 11n utzi zion Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria izateari (Denis Itxasok hartu du kargua, haren ordez), eta berriro hasi da lanean mediku gisa. Radio Euskadiri elkarrizketa batean baieztatu dionez, koarentenan egon beharko du etxean, mediku-protokoloari jarraituta, nahiz eta sintomarik ez duen. Hamalau egun eman beharko ditu etxean.

Ondorengo egunotan, egunean bi aldiz kontrolatu beharko du gorputz-tenperatura; sintomarik izatekotan, koronabirusaren agerraldiagatik sortutako telefonora deitu beharko luke.

Lozak, hematologoa bera, adierazi du Txagorritxuko Ospitalearekin lotutako "hainbat" lagun daudela isolatuta; izan ere, bi medikuk positiboa eman dute, eta gauza bera gertatu zaie bi horiekin kontaktuan izandako beste hiru osasun-langileri.

Lozak azaldu du segurtasun-neurriak areagotu behar direla, ospitalea dela kontuan izanik. Alde batetik, bertan dabiltzan lagunen kopurua handia delako; bestetik, bertan ospitaleratuta dauden hainbatek aurreko patologiak dituztelako, eta balizko infekzio batek eragin izan lezakeelako gaixotasun horietan.

Nolanahi ere, "lasaitasuna" eskatu du Lozak, bai eta agintariengan eta osasun-sisteman "konfiantza izatea" ere; haren esanetan, "higiene-ohiturei" eutsi behar zaie, eta herritarrek ez dute Larrialdietara joan behar, sintomarik antzemanez gero, birusa inondik inora ez hedatzeko.

Entzun, osorik, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak Jesus Lozari egindako elkarrizketa, hemen (gaztelaniaz dago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Irrati programazioa Koronabirusaren Eris aldaera gaur