Gizartea -
Zaldibarko luizia
Zaldibarren desagertutako bi langileak egon daitezkeen inguruan bila ari dira
Lanak zabortegira sartzeko errepidetik gertu egiten ari dira, baskula zegoen tokian. Izan ere, luizia izan zen unean langileak bertan zeudela adierazi dute lekukoek.
eitb.eus
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian desagertutako bi langileak egon daitezkeen inguruan bilatzen hasi dira asteazken goizean bi hondeamakina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Bilaketa lanak zabortegira sartzeko errepidetik gertu egiten ari dira, baskula zegoen tokian. Izan ere, luizia izan zen unean langileak bertan zeudela uste dute adituek. Dena dela, erreskate taldeek ez dituzte beste eremu batzuk baztertzen.
Krisi mahaiaren bilera bukatu ostean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko teknikari batek prentsaurrekoan azaldu duenez, lekukoek eremu horretan ikusi zituzten azkenekoz Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Dena dela, luizia dela eta, baliteke 30-70 metro beherago egotea.
Teknikariaren hitzetan, gune horretara heltzeko, ezin dira zabortegiaren goialdetik sartu, lurzorua oso ezegonkor baitago, eta, beraz, bi aldeetatik ari dira lanean.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak zehaztu duenez, ezegonkortasunarekin batera, lanok badute beste zailtasunik; lehenengo hondakinak kendu behar dira eta beste leku batera eraman.
Sutearen foku nagusiak, amatatuta
Hondeamakinek sutearen foku nagusiak itzali ostean hasi dira lanean inguru horretan. Zabortegian izandako suteek airean osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen furano eta dioxina mailak ohikoak baino handiagoak izatea eragin dute zabortegitik gertuen dauden hiru udalerrietan: Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. 46.000 biztanle dituzte guztira.
Jesus Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak atzo azaldu zuenez, sutea itzaltzeak "berehalako eragina" du airearen kalitatean, ez baita atmosferara osagai kaltegarririk isuriko.
Ostiralean egindako analisietan, dioxina eta furano maila altuak neurtu zituzten inguruan, hirigunean ohikoa dena baino 40-50 aldiz gehiago, zabortegiaren goiko aldean metanoa erretzeak eragindako kearen ondorioz. Hori dela eta, Jaurlaritzak leihoak ixteko eta kalean kirolik ez egiteko eskatu zien aipatutako hiru udalerrietako bizilagunei.
Sua itzaltzea lortu duten arren, Eusko Jaurlaritzak ez du eskualdeko bizilagunentzako airearen kalitateari buruzko gomendioak aldatzeko asmorik, ostegunean egingo dituzten neurketen emaitzak ezagutu arte, eta arreta berezia jarriko diete furanoei eta dioxinei buruzko parametroei.
Bestalde, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren ustez, zabortegiak administrazio publikoek kudeatzearen komenigarritasunari buruz "gogoeta egin behar da" gertaera horren ostean, "baina, gaur arte, zabortegien kudeaketa Europako parametroetan oinarritutako 2016ko lege zorrotz batean oinarritzen da".
Zaldibarko hondakinak nora eraman
Elena Moreno Ingurumen sailburuordea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zabortegietako arduradunekin eta hondakinak Zaldibarrera eramaten zituzten enpresetako ordezkariekin bildu da gaur, Gasteizen.
Zaldibarreko zabortegian 500.000 tona hondakin industrial pilatzen ziren urtean, baina EAEko zabortegietan ez dago leku nahikorik zabor hori guztia hartzeko.
Morenok aitortu du egoera "larria" dela, eta jakinarazi du dagoeneko beste autonomia batzuetako agintariekin harremanetan jarri direla, EAEko enpresek sortutako "eta arriskutsuak ez diren hondakinak" erkidego horietara eramateko aukeraz hitz egiteko.
Bestalde, Zaldibarko zabortegitik ateratzen ari diren hondakinak behin-behienean pilatzeko handik hurbil dagoen lursail batean zelda bat eraikitzen ari direla jakinarazi du Ingurumen sailburuordeak.