Gizartea -

Luizia

Zabortegiko lurra egonkortzeko lana asteburu honetan hasiko dute

Teknikariek gune gorria deritzotena ezarri dute bilaketa lanak hasteko, gorpuak baskularen inguruan egon daitezkeela uste baitute. Gune laranjan ere bilatuko dituzte.

Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoa. Argazkia: Irekia
Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoa
Ordu gutxi barru hasi daitezke Joaquin eta Albertoren bilaketa lanak

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegia eraisteari buruzko koordinazio eta jarraipen mahai teknikoak ostiral honetan jakinarazi duenez, asteburu honetan hasiko dira lursaila egonkortzeko eta desagertutako bi langileen bilaketari berrekin ahal izateko lanak.

Adituek hipotesiekin dihardute. Zabortegiko baskularen ingurua da gorpuak aurkitzeko probabilitate handieneko gunea, teknikariek gune gorria deritzotena. Halaber, gune laranjan ere bilatuko dituzte ahal bezain laster, zabortegiko ezkerraldean, baserrien inguruan, hain zuzen.

Hala ere, ez dituzte bilaketa eremu gehiago baztertzen, eta bilera espezifikoa egin dute goizean Segurtasun eta Larrialdi Sailekoek geologoekin batera.

Bestalde, suak piztuta jarraitzen du zabortegiaren goialdean, baina aurreko egunetan baino apalago dago. Bertara iristeko bidea asteburuan zehar amaitzea espero dute.

Koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren bilera goizeko 9:30ean hasi da, eta dagoeneko martxan dauden ekintzen jarraipena egitea eta neurri berriak hartzea izan du helburu.

Esaterako, herritarrei airearen eta uraren kalitateari buruzko komunikazioa eta informazioa indartzea erabaki da. Horretarako, Ingurumen Sailak, Osasun Sailarekin koordinatuta, egunero argitaratuko du txosten bat, neurketen emaitzak argi eta erraz jasoko dituena. Informazio-buletina Ihobek egingo du, eta alkatetzei bidaliko die, herritarrei bidal diezaieten. Informazio guztia, gainera, Ihoberen webgunean bertan egongo da eskuragarri.

Bestalde, datozen egunetan kaltetutako hiru udaletan informazio-hitzaldiak egitea erabaki da, Eusko Jaurlaritzako hiru sailetako teknikariek azalpen teknikoak eman ditzaten eta herritarrek neurketen eta emaitzen inguruan dituzten zalantzak argi ditzaten. Bilera horiek gaur arratsaldean hasiko dira Eizagan, eta astelehenean Ermuan, asteartean Eibarren eta asteazkenean Zaldibarren ospatuko dira.

Nekazaritza Sailburuordetzaren eskutik baserrien gunean jada martxan dagoen elikadura kontrola ezartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Neikerrek, Haskik eta Elikak osatutako batzorde teknikoa eratu dute. Dagoeneko bisitak egin dira kaltetutako eremuetara, eta 13 lagin hartu dira lurzorutik, larreetatik, baratzeko laboreetatik eta fruta-arboletatik, Neikerren laborategiak azter ditzan. Bitartean, eta prebentzio-neurri gisa, debekatuta dago produktu horiek kontsumitzea eta merkaturatzea.

Eusko Jaurlaritza egiten ari den ekintza subsidiarioei dagokienez, lehentasunez lantzen ari dira alboko drainatzeak eta luiziak, bai eta sarbideak ere, sutera sartu ahal izateko eta datorren astelehenean hura itzaltzeko lanak hasteko.

Horrez gain, magalaren egoera aztertu eta obrako taldeei laguntza emango dien aditu geoteknikoen taldearen nola osatu erabaki da. Andoni Alcorta arduratuko da talde hori koordinatzeaz, eta Kantabriako Unibertsitateko katedradun bat eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradun bat ere izango dira bertan, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ermua Eibar Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Zaldibar Ingurumena albisteak Durangaldea azken ordukoa Mendi-magaletako lur-jausiak