Gizartea -
Luiziaren ostean
Bere zabortegian soilik hondakin ez arriskutsuak hartuko dituela zehaztu du Gasteizek
Eusko Jaurlaritzak egindako deialdiaren aurrean, Gasteizko Udalak udal-zabortegia eskaini du hondakinak hartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak zehaztu duenez, udal-zabortegian Zaldibarko hondakindegian jada utzi ezin diren hondakin ez arriskutsuak soilik hartuko ditu. Zaldibarko zabortegian hilaren 6an luizia izan ondoren egin zien eskaria Eusko Jaurlaritzak EAEko gainerako zabortegiei.
Gasteizko Udalak Gardelegiko zabortegia eskaini zuen. EH Bilduren udal-taldeak gaitzetsi du eskaintza hori; izan ere, "arduragabekeriatzat" jo du, hondakinek lurra kutsa lezaketelako, eta osasun publikorako kaltegarriak izan litezkeelako.
Equo alderdi ekologistak ere gaitzetsi du erabakia, Gardelegiko hondakinak "ez baitaude kategorizatuta", eta horien konposizioa eta jatorria ezezagunak direlako.
Hiriko hondakin solidoak
Hala ere, Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa zinegotziak argitu duenez, eskaintza hori "udal-zabortegiaren baldintzak betetzeak" mugatuko du; izan ere, Gardelegin ez da "hondakin arriskutsurik" hartzen, eta bakarrik hiriko hondakin solidoak hartzeko baimena du.
"Gasteizek ez du inondik inora bere burua eskaini egun Zaldibarren dauden hondakinak jasotzeko", baizik eta Zaldibarko zabortegira jada bidali ezin diren "hondakin ez arriskutsuak hartzeko".
Zinegotziak berretsi du "arduraz eta elkartasunez" ari direla erantzuten, "Eusko Jaurlaritzak larrialdi-egoera batean egindako deialdiaren harira". Taldeei jarrera hori bera eskatu die, eta "ez gertuko ezbeharretan errentagarritasun elektoralistaren bila egotea", ohar batean esan duenez.