Gizartea -

2020ko Haur Danborrada

Trafiko aldaketak egongo dira Donostian astelehenean, San Sebastian eguna dela eta

Donostiako Udalak garraio publikoaren zerbitzua indartu du, eta egun horretan autobusa erabiltzea gomendatu die herritarrei, Haur Danborradaren ibilbideak hainbat gorabehera eragingo baititu.

Donostiako Haur Danborrada. Artxiboko argazkia: EFE
Donostiako Haur Danborrada.
Donostiako Haur Danborrada. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako hiriburua prest dago jada 2020ko San Sebastian eguna ospatzeko. Testuinguru horretan, Donostiako Udalak garraio publikoaren zerbitzua indartu du, eta egun horretan hirian zehar mugitzeko autobusa erabiltzea gomendatu die herritarrei.

Zehazki, Easo eta Argentina Errepublika kaleen noranzkoa aldatuko dute hilaren 20an. Erdigunean, Haur Danborradaren ibilbideak hainbat gorabehera eragingo ditu, eta, adibidez, hiriaren erdialdeko errepide gehienak itxita egongo dira. Halaber, 10:00etatik 15:00ak arte, Boulevard Zumardia eta Okendo kalea ibilgailu guztientzat itxiko dituzte.  

Haur Danborradak bere ibilbidean hartzen dituen gainerako kaleak (Hernani, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez eta Gipuzkoa plaza) 10:30etik 14:30era bitartean itxiko dituzte. Horrez gain, Boulevard inguruko oinezkoentzako gunean ez da ibilgailurik aparkatuta egongo.

Okendo kalea, berriz, Danborradan parte hartuko duten haurrak eramaten dituzten autobusek hartuko dute. Easo kaleko errei baten noranzkoa ere aldatuko dute, San Martin eta Mendeurrenaren kaleen artean, hegoaldean dauden auzo eta herriak (Amara, Loiola, Ospitaleak, Martutene, Hernani…) zerbitzatzen dituzten autobusen sarbidea ahalbidetzeko.

Autobus eta taxiak Easo kaleko autobus-erreitik ibili ahal izango dira, ohiko noranzkoan. Hala, Amarako norabidean ere ohiko erreia erabiliko dute, eta Easo kaletik joango dira. Horrenbestez, Easo kaleak bi noranzko izango ditu herri-garraioko ibilgailuetarako. Autobusek San Martinen eta Mendeurrenaren plazaren artean dagoen erreia hartuko dute, eta, ohi bezala, Antso Jakitunaren hiribidetik jarraituko dute gero.

Donostiako Udaletik adierazi dutenez, Amaratik ez da ibilgailu partikularrik sartuko Easo kalera. Horrez gain, Okendo parkingeko erabiltzaileek ezingo dira Okendo kaletik irten; Argentinako Errepublikatik aterako dira Gros aldera.

Bestalde, ostiral honetatik asteartera bitartean, biak barne, TAO txartela duten egoiliarrek beren ibilgailuak aparkatu ahal izango dituzte aparkatzeko araututako edozein gunetan. Hala ere, araututako ordutegiaren barruan, ezingo dute doan aparkatu nahitaezko ordainpeko guneetan (15. gunea).

Garraio publikoa

San Martin kalea Easo kalearekiko bidegurutzetik egongo da itxita motordun ibilgailuentzat. Autobusek San Martin kaletik Easo kalera egingo dute Amara alderantz, Amara Zaharreko bidera joateko eta ohiko ibilbideari berriro ekiteko. Eason ezingo da ezkerretara egin, Zubieta kalera iristeko. Easotik Antso Jakituna, Pio XII.a eta Izostegi bidea hartuko dituzte Antiguara iristeko.

Halaber, TSST eta UK lineen etorbideko geralekua zerbitzuz kanpo geratuko da. TSST eta G2 lineak San Martindik iritsiko dira, eta geldialdia egingo dute epaitegi zaharreko etxadian. UK lineak Pio XII.etik iritsiko dira zuzenean Federico Garcia Lorca 2ko geltokira.

G1. Hernani (Galarretan barrena): Aldapetatik iritsiko da eta eskuinera egingo du Easorantz, Lizarra kalerako norabidean. Geldialdia egingo du bertan, eta ohiko ibilbideari ekingo dio berriro.

A1. Hernani (Astigarragatik): Federico Garcia Lorca 2ko geltokian egingo du geldialdia.

Ekialdebuseko lineek ez dute zubia zeharkatuko, eta autobusak Mirakruz kaleko geralekuan geldituko dira. Aireportura doan E21 lineak eta E8 lineak Federico Garcia Lorca 2ko geltokian egingo dute geldialdia.

Euskotrenek ere zerbitzu berezia eskainiko du

Euskotrenek zerbitzu berezia eskainiko du igandetik astelehenerako gauean, joan-etorriak errazteko. Horrela, Lasarte-Hendaia, Altza-Amara eta Zumaia-Amara zatietan trenak ibiliko dira gau osoan zehar. Euskotrenek eskainiko dituen zerbitzu guztiak hemen kontsulta daitezke.

Taxiak

Hirigunean aurreikusitako trafiko aldaketek taxien geltoki batzuk aldatzea ere ekarriko dute. Haurren Danborradak egiten diren bitartean, Boulevard zumardiko, Askatasunaren hiribideko eta Idiakez kaleko geltokiak zerbitzuz kanpo egongo dira. Okendo eta Santa Katalina arteko Askatasunaren hiribideko lehen etxadi parean kokatuko dituzte taxiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Danborrada Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Garraio publikoa