Gizartea -
Migrazioa
'Aita Mari' ontziak 78 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
'Aita Mari' ontziak lau egun eman ditu Malta inguruko uretan nabigatzen eta zonalde horretan erreskatatu ditu patera batean zihoazen migratzaileak.
eitb.eus
Aita Mari Giza Itsas Salbamendua Gobernuz Kanpoko Erakundeko ontziak 78 pertsona erreskatatu ditu ostegun honetan Mediterraneo itsasoan, tartean 9 haur eta haurdun dagoen emakume bat. Gainera, 94 pertsona daramatzan beste ontzi bat erresketatzeko bidean dago Aita Mari, Iñigo Mijangos GKEaren presidenteak, ontzitik bertatik, ETB2ko 'Teleberri'n jakinarazi duenez.
GKEak ohar batean azaldu duenez, ontzia nazioarteko uretan aurkitu dute, azken lau egunotan Malta inguruan ibili ostean, "Espainiako Gobernuak itsasontzi honi eta Open Arms-i ezartzen dizkien murrizketengatik". Horren harira, Mijangosek esan du espero duela "zentzua" gailentzea.
"Orain, erreskatatuak lehorreratzeko portu segurua egokitzeko zain gaude", gaineratu dute, "gertuko portu seguru bakarrak italiarrak eta maltarrak" direla azpimarratu aurretik.
Izan ere, gogorarazi dutenez, "Europar Batasunak berak, Mina Andreeva bozeramailearen ahotik, esan du Libia ez dela segurua"; eta "nazioarteko legediaren arabera, Aita Mari-ren kapitainak ahal den distantzia txikienean nabigatzeko eskubidea du".
Erreskatatutakoen egoerari dagokionez, Mijangosek argitu du "ongi" daudela, baina "akituta".
"Azken bi egunotan, Ocean Viking-ek eta Open Arms-ek ere egin dituzte erreskateak inguru horretan. Orain, lehorreratzeko portuaren zain daude", azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak oharrean.
Aita Mari azaroaren 12an abiatu zen Greziako Lesbos irlatik, bertara giza laguntza eraman ostean, Maltako urtetara, erreskate lanetan laguntzera.