Gizartea -
MIGRAZIOA
Aita Mari ontzia abiatu da Mediterraneoko uretara, laguntza humanitarioa ematera
10:30 inguruan abiatu da Pasaiako portutik, eta Mediterraneo itsasoko erdialdera joatea da asmoa.
eitb.eus
Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate-ontziak joan den astean lortu zuen Espainiako Itsas Agintaritzaren baimena , Mediterraneo itsasoan laguntza humanitarioa eman ahal izateko. Erreskate-ontzi bihurtutako atunontzia asteazkenean zen abiatzekoa Pasaiako portutik, baina eguraldia dela eta, irteera atzeratzea erabaki zuten arduradunek, eta gaur abiatu dira, 10:30 inguruan. Arropa, mantak eta higienerako produktuak daramatzate, denera zortzi tona.
Iñigo Mijangos Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak azaldu duenez, lanerako gogotsu doaz eta herritarrek emandako laguntza banatzeko prest daude. Esker oneko hitzak izan ditu azken asteotan babesa adierazi dieten guztientzat.
Itsas Agintaritzaren baimena "pozik" jaso zutela berretsi du Mijangosek, baina muga asko ezarri dizkietela ere gogoratu du. Besteak beste, "Siziliarako bidea hartu beharko du ontziak, geldialdirik egin gabe". Sustapen Ministerioren baimenaren arabera, bidean laguntza humanitarioa eman ahal izango dute soilik "itsasoaren erdian txaluparen bat aurkituz gero".
Aurreikuspenen arabera, hamar egun barru Sizialara iritsiko da ontzia, eta, handik, beste lau egun beharko dituzte Lesbosera heltzeko eta laguntza banatzen hasteko.
Hamaika pertsonek osatzen dute Aita Mariko tripulazioa, eta, gaur, itsasoratu aurretik, agur-ekitaldi xume bat eskaini diete Pasaiako portuan.