Gizartea -

Indarkeria matxista

18 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita

Eraso matxista igande gauean izan zen hiriburuko eraikin batean. Udalak erasoa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako Alderdi Ederren.

Hiriburuko etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Hiriburuko etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia
Hiriburuko etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 18 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Donostian, bezperan emakume adingabe bati hiriburuko eraikin batean egindako sexu-erasoarekin lotuta.

17 urteko emakumeak Donostiako ertzain-etxean jarri zuen salaketa, eta handik gutxira atzeman zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea.

Biktimak gauean jasan zuen erasoa, "hiriko erdiguneko etxe okupatu batean", Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, beharrezko eginbideak egiteko epailearen aurrera eraman aurretik. 18:00ak aldera utzi dute epailearen esku.

Donostiako Udalaren adierazpen instituzionala

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, udalean ordezkatuta dauden talde guztietako bozeramaileek sinatutako adierazpen instituzionala kaleratu du astearte honetan, erasoa "irmotasunez" gaitzesteko.

Horrez gain, erasoa jasan duen adingabeari "babesa eta elkartasuna" adierazi dio, baita haren senide eta lagunei ere. Ildo horretatik, "Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia" eskaini dio Udalak biktimari.

Donostiako Udalak onartutako adierazpenean esan duenez, "mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu".

Horren arabera, "ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde". "Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela", esan du Udalak. "Udal Korporazioak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea egingo du asteazkenean, abuztuaren 7an, 12:00etan, Alderdi Ederren", gaineratu du.

Erakundeek sexu-erasoa gaitzetsi dute

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "erabat gaitzetsi" du sexu-erasoa. Eneko Goia alkatearen hitzetan, gertatutakoa "oso larria da, guztiz onartezina".

"Haserre gaude eraso hauekin; batzuetan jai giroan gertatzen dira, eta beste batzuetan ez", erantsi du. Bilbon ostegunean izandako talde-bortxaketa ere gogor kritikatu du Donostiako alkateak.

Horien guztien aurrean "gogoeta" egin eta asteazken eguerdirako Alderdi Ederren deitu duten elkarretaratzera joateko dei egin die herritarrei.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak "irmo" gaitzetsi du Donostian adingabe batek salatutako sexu-erasoa, eta "emakumeenganako indarkeria amaitzeko mobilizatzera" deitu ditu herritarrak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak asteazken eguerdirako deitu duen elkarretaratzean parte hartuko du, eta elkartasuna adierazi dio biktimari. Halaber, "osotasun fisikoa eta pertsonaren duintasuna ukiezinak diren eskubideak" direla azpimarratu du.

"Azken erasoek agerian utzi dute gero eta sentsibilizazio eta inplikazio gehiago dagoela delitu horien aurka, baina oraindik asko dago egiteko", azpimarratu du Mendozak.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak