Gizartea -
TALDEKAKO BORTXAKETA BILBON
Bilboko auzo elkarteek erantzun instituzional 'urria' salatu dute
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak goizaldean Bilboko Etxebarria parkean izandako taldekako bortxaketa gaitzetsi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak goizaldean Bilbon izandako taldekako bortxaketa gaitzetsi eta horrelako sexu erasoen aurrean dagoen "erantzun instituzional urria" salatu du.
18 urteko emakume batek bart Bilboko Etxebarria parkean jasandako taldekako bortxaketa salatu du. Ertzaintzak 18 eta 36 urte bitarteko sei gizon atxilotu ditu sexu erasoarekin lotura dutelakoan. Ustezko sei erasotzaileak Deustuko ertzain-etxean daude, epailearen aurretik igaro zain.
Auzo elkarteen esanetan, "eguna joan eta eguna etorri eraso berri bat gertatzeak ez du gainditzeko errazagoa egiten". Aldi berean, harridura agertu dute erasotzaileen "inpunitate" sentimendua tarteko. Biktima babes gabe gelditu ohi dela deitoratzeaz gain, sexu erasoen aurrean dagoen erantzun instituzional urria salatu dute.
Sexu erasoengatik ezarritako epaiek ez dute, auzo elkarteen esanetan, gizonezkoen kontzientzietan aldaketa sakonik eragin. Hori dela eta, emakumeen aurkako indarkeriari amaiera emango dioten konponbideak aurkitzeko garaia dela aldarrikatu dute.
Bestalde, talde feministek bortxaketa gaitzesteko deitutako mobilizazioekin bat egingo dutela iragarri dute.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.