Gizartea -

txostena

Asilo eskaerak iaz halako bi izango dira 2019an Euskadin

CEAR-Euskadik ohartarazi duenez, 'behartutako exodo handienaren aurrean gaude, ustea beste bat bada ere'. Gehienak Venezuelako, Nikaraguako, Kolonbiako eta Hondurasko eskatzaileak dira.

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatutako bazkaria. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatutako herri bazkaria.
2.075 asilo eskaera erregistratu dira Euskadin 2019ko lehen bost hilabeteetan

1:27

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteko lehen bost hilabeteotan 2.075 pertsonak egin dute asilo-eskaera Euskadin, iaz urte osoan baino 500 gehiagok. Hori horrela, 2019 amaitzerako, eskaerak 2018an egindako halako bi izango direla uste du CEAR Euskadik. Izan ere, "mitoa edo ustea beste bat bada ere", errefuxiatuen etorrera ez da gelditu.

"Behartutako exodo handienaren aurrean gaude. Munduan 70 milioi pertsonak utzi behar izan dute euren bizitokia" gatazken, indarkeriaren edota giza eskubideen urraketen ondorioz, esan du Javier Galparsoro CEAR-Euskadiko presidenteak.

Galparsorok prentsaurrekoa eman du gaur Patricia Barcena erakundeko zuzendariarekin batera, EAEn asilo-eskaera egin duten datuak jakinarazteko (ostegunean Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren karietara).

Rewarden bidaia

Prentsaurrekoan Reward 22 urteko nigeriarra izan da. Jaioterritik ihes egin, eta lau saiakeraren ostean, duela urtebete Aquarius ontzian iritsi zen Valentziara. Euskadin bizi da gaur egun, harekin etorritako beste zazpi lagunekin batera, eta asilo eskaera eginda du. Reward gaztelera, euskara eta informatika ikasten ari da.

El joven nigeriano Reward, junto con los responsables de CEAR

Gazte nigeriarra, CEAR-Euskadiko ordezkariekin. Argazkia: EFE

Kontatu duenez, Nigeriatik irten zela, jazarpenetik ihesi. Hainbat herrialde zeharkatu ostean, Libiara heldu zen. Bertan, "baldintza latzetan" lan egitera behartu zuten. Hiru urte eman zituen han, eta lau aldiz saiatu zen ihes egiten —bidaiatzeko erabilitako plastikozko ontzia birritan hondoratu zen, eta hirugarrenean, harrapatu eta Libiara itzularazi zuten—. Bosgarren saiakeran Aquarius ontziak erreskatatu zuen.

"Desesperatuta geunden Maltak eta Italiak ontzia hartu nahi ez zutelako. Espainiara heldu ginenean bizitza duin bat edukitzeko aukera nuela sentitu nuen, baina gogoan ditut bidean geratu direnak", esan du.

Eskari uholdea

Reward asilo eskaera noiz erantzungo zain dago, 2018an hala egin zuten gainerako 1.595ek bezalatsu. Aurtengo lehen bost hilabeteotan, asilo eskaerek goranzko joera izan dute eta 2.075 erregistratu dituzte —iazko urte guztian baino 500 gehiago—, beraz, litekeena da urtea amaitzerako 2018 halako bi izatea. Espainiako Estatuan, 46.596 eskaera izan dira maiatzaren 31ra arte.

Venezuelakoak, Nikaraguakoak, Kolonbiakoak eta Honduraskoak dira eskatzaile gehienak.

CEAR-Euskadiko zuzendariak azaldu duenez, asilo eskatzaileek harrera zerbitzuan plaza bat eskuratzen duten arte zentro batean sartzen dituztela. EAEn, adibidez, Oñatiko Larraña Etxea dago (urrian zabaldu zuten, eta ordutik 161 laguni eman die aterpe). Laster beste bat zabalduko dute Tolosan.

Gehienak Saharaz azpiko gizon gazteak dira, 20-30 urte artekoak.

Barcenaren esanetan, EAEn "eginahalak" egiten ari dira errefuxiatuak hartzeko, baina ez da nahikoa. Gaur gaurkoz, 930 lagun daude plaza baten zain.

Galparsoro, bestalde, asilo eskaerei emandako erantzunaz mintzatu da. Azaldu duenez, % 75 baztertzen dira, eta denboran asko luzatzen da erantzuna, sistema "kolapsatuta" dagoelako. "Abantaila" bakarra dago, eskaerak erantzuten direnerako eskatzaileak gizartean errotuta daude, eta bizileku baimenak erregularizatzeko aukera dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Venezuela Zer gertatu da Kolonbian? Latinoamerikako azken ordukoa Nikaragua albisteak Errefuxiatuak Eskubide unibertsalak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak Zer gertatu da Tegucigalpan?