Gizartea -

Ingurumena

Gaur egungo uda 80ko hamarkadakoa baino bost aste luzeagoa da

Aemeten ikerketa baten arabera, Espainiar estatuko biztanleek % 70i eragiten die dagoeneko klima aldaketa.

Uda Zarauzko hondartzan / Irudia: EiTB.
Uda Zarauzko hondartzan.
Uda Zarauzko hondartzan / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiar estatuko 32 milioi herritar, hau da, biztanleen % 70, klima aldaketaren ondorioak pairatzen ari dira. Klima aldaketaren ondorioz, udak luzatzen ari dira, azken hamarkadan oso urte beroak izaten ari dira eta gau tropikalen maiztasuna igotzen ari da, Espainiako Meteorologia Agentziaren (AEMET) Open Data Klimatikoak emandako daten arabera.

Urtaro guztietako batez besteko tenperaturak gero eta altuagoak dira. Igoera hori udaberrian eta, batez ere, udan nabaritzen da. Uda da klima aldaketak gehien eragindako urtaroa, gero eta luzeagoa eta beroagoa bihurtzen ari baita.

Zehazki, uda bederatzi egun ari da luzatzen batez beste, hamarkada bakoitzean. Beraz, gaur egungo uda 80ko hamarkadako hasierakoa baino bost aste luzeagoa da. Orokorrean, orain, tenperaturak beroagoak dira apirila eta urriaren artean; hau da, lehenago hasi eta beranduago bukatzen da uda. "Denok nabaritzen dugu hori, eta orain datuek konfirmatu digute", azpimarratu du Aemeteko bozeramaile Ruben del Campok.

Datuen arabera, klima erdiaridoko azalerak gero eta zabalagoak dira Espainian. 1961-1990 aldian baino % 6 zabalagoak dira, hau da, 30.000 kilometro baino gehiago dituzte. Hori hedakuntza "nabarmena" da Beatriz Hervella bozeramailearentzat. Gaztela-Mantxa, Ebroko harana eta penintsulako hego-ekialdea dira inguru kaltetuenak.

Tenperaturei dagokienez, ikerketak baieztatu du 1971tik gero eta tenperatura altuagoak daudela, batez bestekoetan zein maximoetan eta minimoetan. Horrek zuzenean eragiten die biztanleei heriotza-indizean. Urterik beroenak XXI. mendean erregistratu dira.

Aztertutako 58 behatokietatik 37tan zera gertatu da: 2011tik bost urtetan batez besteko tenperaturak erreferentziazko aldiko (2011-2018) % 20 beroenen artean izan dira. Anomalia hauek erakusten dute gutxienez bost urte oso beroak izan dira. Bartzelonan izan da "kasurik muturrekoena".

Mediterraneo itsasoa, gero eta beroago

Hamarkadako 0,34ºC igotzen ari da Mediterraneo itsasoaren azalaren tenperatura. Horrek itsasoaren maila igotzera laguntzen du. Izan ere, 1993tik Mediterraneoaren maila 3,4 milimetro igo da urtean.

Open Data Klimatikoaren emaitzen arabera, Mediterraneoa gero eta beroagoak izatea eragina dauka gau tropikalen kopuruan. Tenperatura minimoak 20 gradutik gorakoak direnean izaten dira gau tropikalak.

'Bero uhartea' deituriko fenomenoaren ondorioak anplifikatzen ditu horrek. Hirietako erdiguneko tenperatura minimoak igotzen ditu, eta horrek herritarren erosotasuna kaltetzen du.

Hiri handiak eta Mediterraneoko kostaldea dira klima aldaketaren eraginpean egon litezkeen inguruak.

Azkenik, bero boladak eta hotz boladak ere ikertu dira. Hotz boladak gero eta laburragoak dira, eta bero bolada gehiago daude azken urteetan. Tenperatura altuen eta heriotzen arteko lotura nabarmendu Hervellak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Espainia Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Oporrak Uda Bidaiak Larrialdi klimatikoa albisteak Mediterraneo itsasoa