Gizartea -
Klima aldaketa
Kutsadurak 'milioika heriotza goiztiar' eragingo ditu 2050erako, NBEren esanetan
Nazio Batuen Erakundeak Ingurumenaren Nazioarteko Txostena aurkeztu du gaur, eta datu oso kezkagarriak plazaratu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Kutsadurak hiltzen jarraituko du. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi duenez, neurriak hartu ezean, poluzioak "milioika heriotza goiztiar" eragingo ditu 2050erako, batez ere Afrikan, Asian eta Ekialde Ertainean.
NBEk Ingurumenaren Nazioarteko Txostena (GEO, ingelesez) aurkeztu du gaur Nairobin (Kenya), NBEren Ingurumenaren IV. Biltzarraren baitan, eta datu ezin kezkagarriagoak utzi ditu mahai gainean.
Ur gezaren kutsadurak, adibidez, antibiotikoei erresistentzia eragingo du, eta, hain justu, horixe izango da 2050ean munduko lehen heriotza-arrazoia, GEO txostenaren arabera.
Uretan dauden produktu kimiko askok sistema endokrinoari eragiten diote, eta gizon eta emakumeen ugalkortasunean zein adin txikikoen garapen neurologikoan aldaketa atzeraezinak eragingo dituzte.
Txostena egin duten 70 herrialdeetako 250 zientzialariek klima aldaketaren ondorioak apaltzeko neurriak proposatu dituzte. Neurri horiek bideratzeko 22 bilioi dolar beharko lirateke, baina osasunaren alorrean 54 bilioi dolar aurreztuko lirateke.
Eredua aldatzearen beharraz
Badira proposamen gehiago. Haragi kontsumoa murriztuko balitz eta herrialde garatuetan elikagai gutxiago botako balira, erdira murriztuko litzateke elikagaiak ekoizteko beharra. Izan ere, gaur egun elikagaien herena botatzen da zaborretara herrialde garatuetan.
Horren aurrean, garapen eredua aldatzeko beharrizana azpimarratu dute adituek. Hori egin ezean, ez dira lortuko NBEren Garapen Jasangarri baterako Helburuak (ODS, ingelesez), ez 2030erako, ezta 2050erako ere.
Landa-eremuak garatzeko planak ere aholkatu dituzte zientzialariek, horrek hiriburuetarako migrazioa txikituko bailuke. 2050erako, populazioaren % 70 hirietan biziko da, aurreikuspenen arabera.
Itsasora botatzen diren plastikoak ere kezka iturri dira. Urtero zortzi milioi tona jaurtitzen dira ozeanoetara.