Gizartea -

2.723 kilometro

Erromatik Santiagoraino oinez, hartutako kalte zerebralaren aurka

Ekimen honen bidez, Atece elkartean egiten duen lana ezagutarazi, dirua lortu eta informazioa eman nahi du Jon Karla Bilbao arabarrak.

Jon Karla Bilbao. Argazkia: Atece elkartea
Jon Karla Bilbao
Jon Karla Bilbao. Argazkia: Atece elkartea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabar batek 2.723 kilometroko ibilbidea egingo du oinez (Erromatik hasi eta Santiago de Compostelaraino) hartutako kalte zerebralaren (HKZ) aurkako borroka ezagutarazteko. Martxoaren 4an hasiko du abentura eta lau hilabete geroago bukatuko du, alegia, ekainaren amaieran.

"HKZari bidea zabalduz" leloari eutsita, Jon Karla Bilbaok Arabako Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteak egiten duen lana bistaratu nahi du. Horrez gain, gaixotasun horren ikerketarako dirua biltzea eta herritarrei informazioa ematea bilatuko du ekimen horrekin.

Bilbaok 54 urte ditu eta laudioarra da, nahiz eta Langraiz Okan bizi den. 2013ko apirilaren 20an bihotzekoak eman zion, eta hainbat minutuz oxigenorik gabe egoteak anoxia zerebrala eragin zion. 2015az geroztik, Atece Araba elkarteko boluntario da.

Bihotzekoa izan aurretik, Donejakue bidea behin baino gehiagotan egin zuen, baita geroago ere. Halere, Erromatik hasita egiten duen lehenengo aldia izango da aurtengoa. Bidean, baina, hainbat lagun izango ditu bidaide, eta abentura horretara batu nahi duen pertsona oro hartuko du Bilbaok lau hilabeteko epe horretan.

Esan bezala, hasiera bateko asmoa da 2.723 kilometroak lau hilabetetan egitea. Horretarako, 107 etapa prestatuko ditu.

Elkartearen webgunean eta sare sozialetan ibilbidearen berri emango dute. Gainera, otsailaren 22an Langraiz Okan aurkeztuko du egitasmoa Bilbaok berak, eta hilaren 25ean, Laudion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gaixotasunak Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erroma Donejakue Bidea