Gizartea -
Pentsio duinak
Bizkaiko pentsiodunek protestekin jarraituko dute, 'zatiketa saiakeren gainetik'
Andrea Uñak ohartarazi duenez, "mugimendua zatitzeko saiakerak egiten ari dira, mobilizazioak bertan behera utz ditzagun". Hori dela eta, batasunerako deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak "ahoz batez" erabaki du mobilizazioekin eta asteleheneroko elkarretaratzeekin jarraitzea. Ildo horretan, otsailean, apirilean eta maiatzean 1.080 euroko pentsio duina eskatzeko protestak antolatzen ari direla jakinarazi du.
Horrez gain, pentsiodunen mugimendua "zatitzeko" saiakerak izaten ari direla salatu dute Bilbon astelehen honetan egindako bilkuran. Jose Pereda bozeramaileetako bat da eta plataforma utziko duela iragarri du gaur, mugimendua "politizatzeko" arriskua dagoela iritzita.
Pentsioak % 0,25 igotzea lortu dutela kontuan hartuta eta "EH Bilduri eta Podemosi hauteskunde-kanpaina egitea saihesteko" asmoz, protestak amaitzeko unea dela esan du Peredak manifestarien aurrean hitza hartu duenean.
"Bizkaiko pentsiodunen izen ona babesteko egin ditut adierazpenok; jende askok eskatu dit hori esatea, kontzentrazioetara joateari utzi diolako", erantsi du. Mugimenduari zorte ona opatuz joan da Pereda.
Ondoren, Jon Fano bozeramaileak hartu du hitza. Peredaren iritzia errespetatzen duela esan du, "baina gure aldarrikapenekin aurrera jarraitzeko plataformak aho batez hartu duen erabakia ere errespetatzekoa da". "2020tik aurrera ez dugu KPIa ziurtatuta, eta gauza batzuk lortu baditugu ere, gure helburuetatik oso urrun gaude", gogoratu du.
Fanok azaldu duenez, maiatzerako mobilizazio bat antolatzen ari dira Madrilen, Estatuko gainerako plataformekin elkarlanean. Halaber, Espainiako Gobernuarekin eta Kongresuko talde parlamentarioekin elkarrizketa zuzenak izateko bideak ireki nahi dituzte.
Bestalde, Andrea Uña bozeramaileak salatu du "pentsiodunen mugimendua zatitzeko asmoz" komunikabide batzuek Peredaren adierazpenak manipulatu egin dituztela.
Horrela bada, batasunerako deia egin die pentsiodunei: "Gure mugimendua zatitzeko saiakerak egiten ari dira, mobilizazioak bertan behera utz ditzagun. Ezin dugu horrelakorik onartu".
"Leloak bagina bezala tratatzen gaituzte, baina guk gure kabuz pentsatzen dugu eta gure aldarrikapenei eutsiko diegu", azpimarratu du.
Bestalde, Bizkaiko pentsiodunen plataformak astearte honetan bilduko dira, datozen hilabeteetan eman beharreko urratsak erabakitzeko.
Espainiako Gobernua mugiaraztea izango da helburu nagusietako bat. "Bizkaia ez da geldituko, Bilbo mugimendu honen motorra delako, eta behar adina mobilizazio egingo ditugu pentsio duinak lortu arte", nabarmendu du Victor Etayok.