Gizartea -
Memoria Historikoa
Ezkabatik ihes egin zuten hiru lagunen gorpuzkiak topatu dituzte Anuen
Lekuko baten testigantzari esker izan da posible aurkikuntza. Frankismoak hildako 84 pertsonen gorpuzkiak topatu dituzte Nafarroan 2015etik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1936ko kolpe militarraren hiru biktimaren gorpuzkiak topatu dituzte Etulaingo hilerriko hezurtegian, Anue haranean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Hortaz, Frankismoak hildako 84 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte Nafarroan 2015az geroztik.
Joan den asteburuan atera zituzten gorpuzkiak hobitik, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin.
Prozesu honetan ere ezinbestekoa izan da gertakariaren lekuko izan zen pertsona baten testigantza.
Fermina Iraizoz Etulaingo bizilagunak azaldu zuenez, gertakariak 1938ko maiatzaren 27an jazo ziren –bere urtebetetze egunean, hain zuzen ere-. Falangistek larretan harrapatutako hiru iheslari eraman zituzten herrira.
Burutaingo (Anue) Lucia Larramendik hala izan zela berretsi zuen; izan ere, berak eman baitzizkien ura eta janaria Etulain aldera ihesean zihoazen hiru lagunei.
Biktimak 20-23 urteko gazteak dira. Bilbotarrak zirela esan zuten. Fusilatutako leku berean lurperatu zituzten.
1999an, Olagueko (Anue) saihesbidea zabaltzeko lanean ari zirenean, makina hondeatzaile batek topatu zituen gorpuzkiak eta ondoren hilerriko hezurtegian gorde zituzten. Gorpuzki horien artean, bala zauriak dituzten hiru garezur daude.
Laborategi batera eraman dituzte analizatzeko.