Gizartea -
Klima aldaketa
Pirinioetako elurra erdira murriztuko da 2050erako
100 adituk baino gehiagok egindako txosten baten arabera, azken 50 urtetan 1,2 gradu igo da Pirinioetako batez besteko tenperatura.
Agentziak | erredakzioa
Azken 50 urteetan, 1,2 gradu hazi da Pirinioetako batez besteko tenperatura, hala, 2050erako elurraren erdia galduko dutela aurreikusi dute adituek. Are, neurrik hartu ezean, mendea amaitu baino lehen elurraren % 80 galduko luke.
Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak (OPCC) eskatuta, Euskal Herriko, Kataluniako, Aragoiko, Akitaniako, Okzitaniako eta Andorrako 100 bat adituk txostena egin dute klima aldaketak mendiotan egindako kalteen eta etorkizuneko ondorioen inguruan. Astelehenean aurkeztu zuten Zaragozan, "Klima aldaketa Pirinioetan: eragina, ahultasunak eta egokitzapena" izenburupean.
Txostenak egindako diagnostikoa etsigarria da benetan, izan ere, munduan gehien epeldu diren mendietako batzuk dira Pirinioak. Munduko batez besteko tenperatura 0,85 gradu hazi da; Pirinioetakoa, 1,2 gradu (% 30 gehiago, beraz).
Juan Terradez ikerketaren koordinatzaileak aurkezpenean azaldu duenez, Pirinioetako glaziarren erdia desagertu dira, eta zalantzak ditu mendea amaierarako "baten bat geratuko ote den".
Klima aldaketak eragindako arazoak zerrendatu ditu Terradezek. Hala nola, eskuragarri dagoen ura nabarmen jaitsi da, eta horrek eragin zuzena du sor daitekeen energia hidroelektrikoan eta lehorreko laborean (izurrite gehiago dago orain).
Horrez gain, arrisku naturalak ere gehiago dira: lur-jausiak, elur-jausiak, uholdeak, baso suteak, lehorteak edota eurite gogorrak.
Egoera "larria" da
Bada gehiago. Elkarren beharra duten faunaren eta floraren (intsektu polinizatzaileak eta landareak, esaterako) "sinkronia falta" aipatu du.
Idoia Arauzo Behatokiko koordinatzailearen hitzetan, egungo egoera "larria" da, eta "lehenbailehen hartu behar dira neurriak, klima aldaketaren politikak garatuz". "Pirinioak sukarra dute, zerbait gertatzen ari den seinale", erantsi du Arauzok.
Txostena egin duten adituek datozen urteetako 10 desafioak xehatu dituzte: muturreko baldintza klimatikoek dituzten arriskuez herritarrak ohartaraztea, arrisku naturalen aurrean segurtasuna indartzea, lehorteen aurrean eskualdeko erakundeei laguntzea eta azaleko zein lurrazpiko uraren kalitatea bermatzea.
Horrez gain, Pirinioen erakargarritasun turistikoari eutsi beharko zaio, ekoizpen aldaketei aurre egin eta laboreen kalitateaz baliatu, paisaiaren itzulezinezko aldaketei aurrea hartu, biodibertsitatearen balizko galera kontuan hartzea eta gaixotasun, bizkarroi eta espezie inbaditzaileen hedapenari aurre egitea.