Gizartea -
Indarkeria matxista
Maguette Mbeugouren hilketaren aurkako deiadarra Bilbon
20 bat emakume senegaldar manifestazioaren buruan izan dira, eta “Indarkeria sexistari aurre egin” zioen pankarta eraman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsonak manifestazioa egin dute arratsaldean, Bilbon, mugimendu feministak deituta, Maguette Mbeugouren hilketaren aurka protesta egiteko. Emakume senegaldarrak protestaren buruan izan dira.
Elkarretaratzea Enkarnazio plazan egin dute 20:00etan, Atxuri auzoan, hilketa gertatu zen tokitik gertu. Ondoren manifestazioa egin dute Arriaga plazaraino.
20 bat emakume senegaldar manifestazioaren buruan izan dira, eta “Indarkeria sexistari aurre egin” zioen pankarta eraman dute. “Maguette ez zaitugu ahaztuko”, behin eta berriro oihu egin dute.
Jatorri senegaldarreko emakume, ume eta gizon ugarik parte hartu dute protestan; gizonezkoak bigarren maila batean egon dira.
Politikariek ere parte hartu dute, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Ana Otaduy Batzar Nagusietako presidenteak, Alfonso Gil alkateorde sozialistak eta Carmen Muñoz Podemoseko bozeramaileak.
Maguette Mbeugou Ollerietagoiena kaleko etxebizitza batean sastatu zuten, eta ordu batzuk geroago haren senarra atxilotu zuten Mutrikun (Gipuzkoa).