Gizartea -

ERASOAK ASTE NAGUSIAN

Donostiako bortxaketagatik atxilotutakoak adin txikikoen zentro banatan sartu dituzte

15 eta 16 urte dituzte. Horietako bat Zumarragako zentroan sartu dute eta bestea Araban. Orotora, zazpi sexu-eraso salatu dira aurtengo Donostiako Aste Nagusian.

Zumarragako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB
Zumarragako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB
Zumarragako adin txikikoen zentroa. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Fiskaltzak adin txikikoen zentro banatara bidali ditu aste honetan, Donostian, adin txikiko bat bortxatzea leporatzen zaien bi gaztetxoak. Zumarragako zentrora bidali dute bat eta Arabako zentro batera bestera. Horietako batek 15 urte ditu eta besteak 16.

Ostiral goizaldean jarri zuen salaketa biktimak, 15 urteko neska batek. Udaltzaingoari azaldu zionez, bortxatu egin zuten Zurriola hondartzan, Aste Nagusiaren baitan.

Hasiera batean hiru lagun atxilotu zituzten baina gero bat libre geratu zen, zerikusirik ez zuela frogatu zenean. Beste biak, berriz, Fiskaltzaren esku geratu ziren ostiral arratsaldean eta honek atxiloketa beste egun batez luzatzea erabaki zuen.

Atzo, azken orduan, adin txikikoen zentro banatan sartzea erabaki zuen Fiskaltzak.

Protestak Aste Nagusian

Atzo bertan beste bi sexu-erasoren berri eman zuen Donostiako Udalak. Minutu bateko isilunea egin zuten arratsaldeko ekitaldi guztietan eta bertan behera geratu zen Kursaaleko disko festa.

Donostiako mugimendu feministak protesta-kontzentrazioa egin zuen eta Eneko Goia alkateak esan zuen "tristea" dela "inoiz gertatu behar ez luketen jarrera hauek festak zikindu izana".

Orotara, zazpi sexu-eraso salatu dira aurtengo Aste Nagusian eta biktima gehienak adin txikikoak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak Matxismoa