Gizartea -

Indarkeria matxista

Neska adingabe batek bortxaketa salatu du Donostian

Donostiako mugimendu feministak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du 19:30erako, Donostiako Bulebarrean. Gaurko protestak Aste Nagusian izandako sexu eraso guztiak salatzea du helburu.

Zurriola hondartza, erasoa izan den lekua, gaur. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Neska adingabe batek bortxaketa salatu du Donostian

1:21

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neska adingabe batek bortxatu egin dutela salatu du gaur goizean, Donostian. Salaketaren ondorioz, hiru gizon gazte atxilotu ditu Udaltzaingoak.

Udaltzaingoak hirurak atxilotu ditu –horietako bi adingabeak dira eta hirugarrenak 20 urte ditu–, bortxaketarekin lotura dutelakoan. Erasoa ostiral goizaldean gertatu da, Donostiako Aste Nagusian, Zurriola hondartzan.

Udaletik EFEri adierazi diotenez, adingabeak salaketa jarri ondoren egin dituzte atxiloketak.

Atxilotuetako bat, 20 urtekoa, aske utzi dute eguerdi aldera, epailearen aurrera eraman gabe. Beste biek, baina, Adingabeen Fiskaltzara eraman dituzte arratsaldean.

Hala, sexu-erasoa eta lapurreta egitea egotzi diete atxilotuei. Horietako batek biktimaren gauza batzuk zeramatzan soinean atxilotu dutenean. Hasiera batean taldekako bortxaketa izan dela zirudien arren, hainbat kontu argitu behar dituzte; hortaz, oraindik ez dakite atxilotu bakoitzak zer egin duen.

Ikerketa sekretupean dago, aipatutako iturriaren arabera.

Eneko Goia Donostiako alkateak goizeko lehen orduan jaso du gertatutakoaren berri, eta Udaleko Bozeramaileen Batzordea deitu du, esku artean zituen datuen berri emateko.

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea

Donostiako mugimendu feministak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du 19:30erako, Donostiako Bulebarrean. Aste Nagusian izandako sexu eraso guztiak salatzeko deitutako elkarretaratzearekin bat egitea erabaki du Donostiako Udalak, eta parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Erakundeek eta alderdiek erasoa gaitzetsi dute

Donostian izandako bortxaketaren aurrean "gaitzespenik tinkoena" agertu du Donostiako EH Bilduk. Ildo horretatik, erasoa pairatu duen adin txikiko neskatoari bere "babesik eta elkartasunik beroena" adierazi dio "une gogor hauetan". Bide batez, alderdiak publikoki adierazi dio "guk sinesten dizugula".

Hala ere, "zoritxarrez" gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat deitoratu du EH Bilduk, eta Aste Nagusia "beltza" izaten ari dela ziurtatu du. Amaitzeko, bat egin du mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin, eta bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Bestalde, Ezker Anitza-IUk gaur arratsaldeko elkarretaratzean izango dela iragarri du ohar baten bidez. Hala, 2018ko lehen sei hilabeteetan Donostian indarkeria matxistarekin lotutako salaketak % 43 igo direla nabarmendu du alderdiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, "gaitzespenik irmoena" adierazi du Donostian salatutako bortxaketaren aurrean, eta erasoa salatzeko gaur egingo duten elkarretaratzearekin bat egin du.

Imanol Lasa foru diputatuaren esanetan, "atxilotutako bi mutikoak adingabeak izateak, zoritxarrez,  argi uzten du indarkeria matxistak gure gizartean duen sakontasuna".

Ildo horretatik, "gaur egun osatzen dugun gizartearen hausnarketa sakona" egiteko deia egin die herritarrei, eta pentsaera matxistak gazteengan hainbesteko indarra izateko "zer egiten dugun" galdetu dio bere buruari.

"Gipuzkoa matxismoarekiko zero tolerantzia duen lurraldea" bilakatzeko lanean jarraituko duela esan du Lasak, baina heziketa helburu hori lortzeko ezinbesteko giltzarria dela azpimarratu du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Aste Nagusia Donostia Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa