Gizartea -
Etorkinen eskubideak
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko hondartzetan mobilizatuko da abuztuaren 18an
Plentziako eta Gorlizeko hondartzetan antolatuko dute, 'pertsona guztien eskubideak' eskatzeaz gain, herritarrak etorkinen eskubideei buruz sentsibilizatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) herri plataformak mobilizazioa deitu du abuztuaren 18an Plentziako eta Gorlizko hondartzetan, "pertsona guztien eskubideak" eskatzeaz gain, "herritarrak etorkinen egoeraren inguruan sentsibilizatzeko".
Kolektiboak iragarri duenez, ibilbidea egingo dute hondartzako badian, piraguak eta itsasoan ibiltzeko bestelako hainbat ontzik lagunduta.
Ohar batean gogoratutakoaren arabera, "abuztuan hondartzetara jendetza joatean dela aprobetxatuz, milioika pertsonak bizi duten errealitate gogorra salatzeko ekitaldia" egingo dute. "Familia askok haien jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara etorri eta bide zaila hasi behar izaten dute", kritikatu dute.
Bestalde, 12:30ean hasiko den mobilizazioarekin, "gobernuei migrazio eta harrera politikak aldatzea" eskatuko diete, "nazioarteko hitzarmenetan bildutako giza eskubideak errespetatzeko".
SOS Errefuxiatuak taldearen aldeko mendi martxa
Bestalde, 'Etxebarri Siriarekin' elkarteak, herriko Udalaren laguntzarekin, mendi-martxa antolatu du datorren irailaren 16ean. Ekimenarekin bildutako dirua SOS Errefuxiatuak plataformari emango diote.
Ganguren mendian barrena ibilbidea egingo dute, bi etapa desberdinetan. Kirolariak, mendizaleak eta familiak erakarri nahi dituzte, ahalik eta jende gehien biltzeko.