Gizartea -

Foru aldundien udako programa

'2018ko Udalekuak' programak 4.642 plaza izango ditu EAEko neska-mutilentzako

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 7 eta 13 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute, uztailaren 1etik uztailaren 29ra.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2018ko udalekuen aurkezpena. Argazkia: EiTB.
2018ko udalekuen aurkezpena.
''Udalekuak 2018'' programa aurkeztu dute hiru Foru Aldundiek

1:25

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek antolatua, 4.624 plaza eskainiko dituzte aurten, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzako udalekuen hezkuntza programan, EAE barruko 17 aterpetxe eta instalazioetan. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra izango dira.

Eskaintzen diren plazen kopurua, lurraldeka, hau da: Araban 2.130 plaza izango dira; Bizkaian 1.402; eta, Gipuzkoan 1.110.

Bertan parte hartzen duten umeei jolaserako, ondo pasatzeko eta elkarbizitzarako leku bat eskaini nahi zaie, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko.

Ikuspegi horretatik, Udalekuen kanpaina honek ondoko helburu hauek lortu nahi ditu: Oporraldiez gozatzeko aukera ematea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, aisialdi hezitzailea sustatzea, haurrak natura ingurunera hurbil daitezen ahalbidetzea, aisialdiko jardueretako komunikazio hizkuntza euskara izan dadin bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea, eta besteak beste, adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzea eguneroko bizikidetzan.

Udalekuak 17 instalaziotan egingo dira. Aurten, 2 instalazio kendu dira eta iaz ez zeuden 5 instalazio berri eskaintzen dira. Zuhatzan, Barrian eta Valderejon, Araban; Gorlizen, Lapurreketan, Lurraskan, La Arboledan, Lekeition, Meakaurren, Galdameseb, Zugarramurdin eta Legasan, Bizkaian; eta, Orion, Zarautzen, Hondarribian, Seguran eta Zestoan, Gipuzkoan.

Hizkuntzari dagokionez, bi aukera daude. Euskarazko txanden kasuan, ezinbestekoa da aukera hori hartu duen pertsona gai izatea euskaraz moldatzeko. Eta euskara/gaztelaniazko txandak: Aukera honek bermatuko du parte-hartzaile bakoitza bi hizkuntzetako edozeinetaz komunikatu ahal izatea. Euskararen erabilera, txanda osatzen duen taldeak hizkuntza horretaz duen gaitasunaren arabera izango da.

Jarduera asko eta askotarikoak eskainiko dira kanpainaren barruan, esaterako, baserri eskoletan egiten diren ingurumen arloko jarduerak, kirol jarduerak (piraguismoa, mendi ibiliak, bela…), jolas jarduerak, jokoak, txangoak, lantegiak.

Instalazio bakoitzeko jarduerak kontsultatu ahal izango dira liburuxketan eta Aldundi bakoitzaren web orrietan. Egiten diren jarduera guztietan, beharrezko segurtasun neurriak hartuko dira eta gaitutako profesionalen zaintzapean egingo dira.

Zazpi eta hamar eguneko txandak eskainiko dira. Hizkuntza ereduka, 4.642 plazetatik, 4.332 dira euskaraz, eta 310 bi hizkuntzetan. Adinka, 7 eta 8 urte artekoentzat 473 euskaraz; 9 eta 11 urte artekoentzat 2.275 euskaraz eta 180 bi hizkuntzetan; eta 12 eta 13 urte artekoentzat 1.584 euskaraz eta 130 bi hizkuntzetan.

Aurten ezarritako kuotak 7 eguneko txandetarako 122 euroko da, eta 10 eguneko txandetarako 178 eurokoa. Pentsio osoko egonaldiari dagozkion zerbitzuak sartzen dira prezio horietan; hau da, ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria; dinamizazio zerbitzua; istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorria atera lekutik.

Bestalde, hezkuntzako premia bereziak dituzten pertsonak -ezintasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala- aisialdiko jardueretan integratu daitezen, foru aldundiek plazen % 5 gordeko diete haiei.

Udalekuetako langileei dagokienez, txanda bakoitzean, aisialdiko begirale bat egongo da hamar umeko, pertsona bat jardungo da zuzendaritza lanetan, eta beste bat arituko zaio laguntzen, instalazioa nolakoa den eta zenbat parte hartzaile dauden.

Preinskripzioa

Data hauetan eman ahalko da

Zozketan parte hartzeko izena Araban, apirilaren 10etik 18ra izango da; Bizkaian, martxoaren 12tik 21era; eta, Gipuzkoan, martxoaren 14tik 26ra. Gehienez ere hiru parte hartzaileko taldeetan eman ahalko da izena.

Plazen zozketa modu publikoan egingo da lurralde bakoitzean, data hauetan:

Araba: apirilaren 23aBizkaia: apirilaren 17aGIipuzkoa: apirilaren 10a

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba EAE Gizartea Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024 Zer egin Euskadin Oporrak azken ordukoa Umeak azken ordukoa Udalekuak gaur Udako albisteak