Gizartea -
Agiria
Transexualitatearen inguruko hezkuntza plan bat eskatu dio Chrysallisek Jaurlaritzari
Institutuan horren berri eman bezain pronto ikaskideek eta irakasleek Ekairen sexu-nortasuna onartu zutela azaldu du elkarteak. Berak erabakitako izenarekin deitzen zioten, gaineratu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Transexualitatearen inguruko hezkuntza plan bat lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dio Chrysallis Euskal Herria elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Egitasmoak irakasleak, gurasoak eta ikasleak kontuan izan behar ditu, transexualitate egoeratan dauden neskato eta mutikoak laguntzeko, elkarteak azaldu duenez. Ikastaroak sexologia profesionalek eman behar dituztela erantsi du Chrysallisek.
Bestalde, Ekai Ondarroako (Bizkaia) 16 urteko nerabe transexualaren suizidioa hizpide du elkarteak agirian. Institutuan horren berri eman bezain laster ikaskideek eta irakasleek Ekairen sexu-nortasuna onartu zutela azaldu du elkarteak. Berak erabakitako izenarekin deitzen zioten, erantsi duenez.
Horrela, ikastetxeko agiri guztietan aurreko izena aldatu eta Ekai jarri zioten. Transexualitatea ulertzeko ikastaroetan parte hartu zuten irakasleek, material didaktiko eta Chrysallisen eta Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuaren aholkularitzarekin.
"Lehen minututik” ondo tratatu zuten
Institutuan semea onartu eta “lehen minututik” ondo tratatu zutela esan du Ekairen amak, elkarteak azpimarratu duenez.
Hala ere, irakasleek hezkuntza espezifikoa oraindik ez dutela jaso gogorarazi du Chrysallisek, martxorako planifikatuta dagoelako. Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuak emango ditu eskolak.
Hezkuntza planarekin eskola-elkarte guztiak transexualitatearen errealitatea ulertzea nahi du Chrysalllisek, horrela errespetatuko dutela uste duelako. Elkartearen ahotan, egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Familia Politikarako sailek bermatu behar dute.