Gizartea -

Aldarrikapenak

Sindikatuek mobilizazioekin jarraituko dute hezkuntza publikoan

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute, abenduaren 12rako deitutako greba egin aurretik.

Sindikatuek Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia. EiTB
Sindikatuek Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia. EiTB
Sindikatuek Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzearen aldeko mobilizazioei ekin diete berriro astearte goiz honetan. “Seriotasunez eta edukiekin” negoziatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki” lelopean, aurretik aipatutako hiru euskal sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Hezkuntza Saileko ordezkaritzaren aurrean. Abenduaren 12rako deitutako greba egin aurretik martxan jarritako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute. Hala, hezkuntza publikoa hobetzeko asmoz hurrengo asteetan aldarrikapenak egiten jarraituko dutela iragarri dute.

Sindikatuen arabera, 2010. urtetik hezkuntza publikoan ezarri dituzten “murrizketak” direla eta “eutsiezina” da gaur egun eskoletan bizi duten egoera.

Aurreko ikasturtean aurrera eraman zituzten mobilizazioen ondotik, protestekin jarraitzea erabaki dute sindikatuek, kaltetutako sektore ezberdinetan (irakasleak, haurreskolak partzuergoko langileak, heziketa bereziko langileak, sukaldariak eta garbitzaileak) Hezkuntza Sailak erantzunik eman ez duela iritzita.

Hezkuntza Sailarekin negoziazio-mahaia irekita jarraitzen duen arren, sindikatuek ziurtatu dute ez direla bat ere baikorrak; orain arte ez baitute inolako proposamen zehatzik jaso.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua heziketa eragileekin bildu zen atzo, Euskadiko hezkuntzan akordio bat lortzeko asmoz. Hala, hezkuntza publikoan dagoen lan-gatazkak prozesu horretan eraginik izan dezakeen galdetuta oraindik “goiz” dela azpimarratu dute hiru sindikatuetako ordezkariek.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek “salaketa eguna” egingo dute ostiralean, baita elkarretaratzeak ere zenbait ikastetxetan. Urrian zehar itxialdiak egingo dituzte hainbat ikastetxeetan, eta azaroan “borroka asteak” antolatuko dituzte, abenduaren 12rako deitutako greba gauzatu aurretik, sektore bakoitzeko aldarrikapenak gizarteratzeko asmoz.

Besteak beste, ondorengo aldarrikapen hauek egiten dituzte sindikatuek: hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez 2.000 lanpostu berri sortzea, batez besteko ia % 40ko behin-behinekotasuna murriztea, ikasle-ratioak murriztea, hezkuntzako langileen erosteko ahalmena handitzea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Grebak EAE Lana albisteak Gizartea Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024