Gizartea -
Ustezko sexu-abusuak
Adituek sinesgarritasuna eman diote Gazteluetako sexu-abusu salaketari
Bi psikologok eta bi auzitegi medikuk uste dute gaztearen kontaketak bat egin dezakeela salatutako sexu-gehiegikeriekin.
eitb.eus
Gazteluetan sexu-erasoak izan ote ziren ikertzen ari diren adituek egindako txostenetan agertzen denez, biktimaren egoera psikikoak eta kontaketak bateragarriak dira salatu dituen sexu-gehiegikeriekin eta trauma osteko estres egoerarekin.
Bi psikologok eta beste bi auzitegi medikuk osatu duten txostenean azaldu dute bat egin dezaketela kontaketak eta salatutako sexu-gehiegikeriek. Hala, baztertu egiten dute gezurrezko lekukotza emateko presioak jaso dituela.
Radio Euskadik txostenean oinarrituta zabaldu duenez, adituek aurreko abenduan elkarrizketatu zuten ustezko biktima, epaileak eskatutako txostena osatzeko. Izan ere, lekukotzaren sinesgarritasuna baloratzeko eskatu zien epaileak.
Txostenean diote biktimak trauma osteko estresa duela, "bateragarriak kontatutako gertakariekin". Gaur egun 19 urte dituen haurraren azalpenak "koherenteak direla eta kontraesanik ez dagoela" ondorioztatu dute.
Salatutako abusuak 12 urte zituenean gertatu ziren, baina ez zuen irakasle eta ustezko egilearen kontrako salaketarik jarri adinez nagusia zen arte. Baliteke txostenak alegazioak jasotzea, baina epaileak datorren asteetan har lezake epaiketa abian jartzeko erabakia.