Gizartea -

Indarkeria matxista

Hil egin da Gasteizen gizon batek leihotik bota zuen umetxoa

17 hilabeteko neskatoaren ama egonkor dago Gurutzetako Ospitalean. Ustezko hiltzaileak uko egin dio deklaratzeari Ertzaintzaren aurrean.

Gasteizen emakumeen aurkako indarkeria EFE
Gasteizen emakumeen aurkako indarkeria EFE
Gasteizen emakumeen aurkako indarkeria EFE

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alicia, Gasteizen gizon batek leihotik jaurti zuen 17 hilabeteko neskatoa, hil egin da astearte arratsaldean Gurutzetako Ospitalean, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren iturriek EiTBri baieztatu diotenez.

30 urteko gizon batek jaurti zuen leihotik umea, eta, ustez, sexu abusuak egin zizkion aldez aurretik. Gainera, adingabearen amari ere eraso zion.

Aurten Euskadin jazotako lehen hilketa matxista da.

Umeak lesio larriak izan zituen buruan. Horregatik, Gurutzetako Zainketa Berezien Gelan zuten. Ama, 18 urteko brasildar bat, egonkor dago, zentro horretan.

Bestalde, ustezko hiltzaileak uko egin dio deklaratzeari Ertzaintzaren aurrean, eta Santiago Ospitaleko Psikiatria alorrean atxilotuta dute, epailearenera noiz eramango zain.

Gizona, Daniel Montaño, Sevillakoa da, baina Gasteizen ezarri zuen bizitokia duela zenbait urte, eta musika irakasle lanetan aritzen zen Gasteizko "Jesus Guridi" Kontserbatorioan eta Aguraingo "Zortziko" Udal Musika Eskolan.

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezar liezaiokete, Zigor Kodearen azken erreformaren arabera.

Auziaren zehaztasunak sekretuak dira, instrukzio epaileak hala aginduta.

Indarkeria matxistaren aurkako oihu isila

Umea hil baino ordu batzuk lehenago, mila pertsonak baino gehiagok elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren Plazan, erasoak gaitzesteko.

Parte-hartzaileek hainbat pankarta erakutsi dituzte. Besteak beste, aldarri hauek zituzten eskuan: "Bizi nahi dugu", "Hilketa gehiagorik ez, emakume bat ere gutxiagorik ez", "Gasteizek ezetz genero indarkeriari" eta "Ez dira haserrealdiak, hilketak baizik".

Sandra Esteban Plataforma Feministako ordezkariak salatu du gertatutakoa ez dela izan "familia barruko indarkeria kasu bat", baizik eta indarkeria matxista auzi bat, eta horren aurka egiteko deia egin die "erakundeei, mugimendu sozialei eta herritarrei".

Clara Campoamor, herri akusazioa

Auzian herri akusazioa izango dela iragarri du Clara Campoamor elkarteak. Era berean, amaren esanetara jarri da, doako laguntza legal eta psikologikoa emateko.

“Gertakari tragikoaren” berri izan bezain laster epaitegietara jo zutela azaldu du Blanca Estrella Ruiz elkarteko presidenteak, hasieratik herri akusazioa izateko.

Elkarteko abokatu bat neskaren familiaren aginduetara jarri du elkarteak, doako laguntza emateko. Horregatik, senitartekoek Gasteizko egoitzaren telefonora (945 14 18 07) deitu dezaketela erantsi du presidenteak.

Neskaren amari elkartasuna adierazi eta helburua “ezer ikertzeke ez geratzea eta justizia egitea” dela nabarmendu du Ruizek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Tratu txarrak gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Matxismoa Umeak azken ordukoa