Gizartea -
Gobernu bilera
Herritarrekin harremana izateko kanala jarri du martxan Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak herritarrekin harremanetan egoteko kanal bat jarri du martxan gaur: Telegram telefonia mugikorrerako aplikazioaren bidezko berehalako mezularitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak herritarrekin harremanetan egoteko kanal bat jarri du martxan: Telegram telefonia mugikorrerako aplikazioaren bidezko berehalako mezularitza.
Horretarako, 688 67 12 34 telefono zenbakia erabiliko du. Gaurtik aurrera, EAEko Herri Administrazioak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskatu nahi duten pertsonek telefono mugikorren sistema eragile nagusietan (Android, iPhone eta Windows Phone) erabil daitekeen aplikazio baten bidez egin ahal izango dute, hura deskargatu eta Jaurlaritzak prestatutako telefono zenbakia kontaktuen zerrendan erantsi ondoren.
Jaurlaritzak Telegram plataforma aukeratu du herritarrak artatzeko, hiru arrazoi nagusirengatik, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez: zerbitzu honek antzeko beste batzuk baino segurtasun eta konfidentzialtasun handiagoa ematen du, Telegramek API (Application Programming Interface) irekia eta protokolo askea du, nahi duenak kode-iturria hobe dezan, eta doako aplikazioa da.
Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN Herritarren Arretarako Zerbitzuko langileek kudeatuko dute Lakuan, orain arteko ohiko komunikazio kanalekin batera: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta Internet bidezkoa.
Kanala herritar guztiei zabaldu aurretik, Eusko Jaurlaritzak esperientzia pilotua abiarazi zuen 2014ko urriaren eta abenduaren artean, herritarren talde bati erantzuteko. Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, EGAko azterketei buruzko informazioa eskatzen zuten herritarrak hautatu zituzten lagin moduan. Hala, emaitzak kontsultatzeko, 1.257 lagun bulegoetara joan ziren, 442k berehalako mezularitza erabili zuten, WhatsApp aplikazioaren bidez, eta 172k soilik deitu zuten telefonoz.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, esperientzia pilotuaren emaitzak oso positiboak izan dira, eta, horregatik, herritar guztiei eta EAEko Herri Administrazioak ematen duen informazio osora zabaldu nahi izan du, Telegram aplikazioaren bidez, aipatutako arrazoiak direla eta.