Gizartea -
Erasoak Igorren eta Gasteizen
Erasoek atentzioa 'desbideratu' egiten dutela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk adierazi du ekintza horien bitartez “Kutxabanken kontrol publiko eta sozialaren aurka ari direnen estrategia elikatu” egiten dela.
Erredakzioa
Igorreko eta Gasteizko Kutxanbanken bulego biri lehergailuz egindako erasoak gaitzetsi ditu gaur EH Bilduk. Horren harian, eraso horiek Kutxabanken “pribatizazioa” egiten ari direnen “ekimena osatu” egiten dutela nabarmendu du koalizioak.
Etxean egindako lehergailuz eraso diete goizaldean Igorreko eta Gasteizko Kutxabanken sukurtsal biri. Arabako hiriburukoan jarritako lehergailuak ez du eztanda egin, baina Igorren leherketak kalte ugari eragin ditu bulegoko atean eta leihoetan.
Ohar batean, EH Bilduk adierazi du ekintza horien bitartez “Kutxabanken kontrol publiko eta sozialaren aurka ari direnen estrategia elikatu” egiten dela. “Atentzioa desbideratu eta kaltetuen salaketak estali egiten dituzte gaurko erasoek”, salatu dute.