Gizartea -
Koordainketa
Langabeek eta pentsiodunek laguntzak jasoko dituzte koordainketagatik
Urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten duten pentsiodunek eta prestaziorik jasotzen ez duten langabeek konpentsazioak jasoko dituzte, Urkulluk Politika Orokorreko saioan jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Botiken koordainketak gizarteko kolektibo ahulenei eragin dien kaltea konpentsatzeko dekretu bat onartuko du Eusko Jaurlaritzak datorren azaroan, eta, hala, urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten duten pentsiodunek eta prestaziorik jasotzen ez duten langabeek diru-laguntza jasoko dute.
Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko saioko erantzunen tartean goizean iragarritakoari buruzko xehetasun gehiago eman ditu Iñigo Urkulluk; izan ere, goizeko saioan arazo ekonomikoak dituzten pertsonen osasun eskubideak bermatzeko neurriak hartuko zituela iragarri du.
Behar gehien duten taldeen artean 18.000 euro baino gutxiago kobratzen duten erretiratuek eta pentsiodunek "arreta berezia" izango dute, eta diru-laguntza jasoko dute botiken koordainketak eragindako gastuak konpentsatzeko.
Ez du zehaztu konpentsazio hori nola bideratuko den, baina atzeraeraginezko eragina izango du. Ziurrenera, azaroaren 15ean onartuko du dekretua Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak.