Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Greba mugagabeari eustea erabaki dute Tolosako hiltegiko langileek
Tolosaldekoko Mankomunitateak gatazkan esku-hartzea "positibotzat" jotzen badute ere, langileek uste dute ez dagoela "berme nahikorik" zor dizkieten soldatak kobratzeko epeei buruz.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media
Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabeari eustea erabaki dute, Tolosaldeko Mankomunitateak gatazkan esku-hartzea erabaki ondoren ere ez baitute ikusten "berme nahikorik" soldatak kobratzeko. Epeak zehaztea eskatzen dute.
Hala jakinarazi du ELA sindikatuak, goizean zabaldutako ohar batean. Bertan dioenez, Tolosaldeko eta Goierriko udalek hiltegiaren kudeaketa aldi baterako bere gain hartzea "positiboa" da, baina, oraingoz, ez dute bermatuta ikusten jaso gabe dituzten soldatak kobratzea. Hori dela eta, greba mugagabeak eta mobilizazioek jarraituko dutela ziurtatu dute.
Bere aldetik, Tolosaldeko Mankomunitateak azaldu du "esku-hartzeak bere lege prozedura" duela, eta gaur gaurkoz, ezin duela zehaztu soldatak noiz ordainduko diren. Nolanahi ere, "konpromiso osoa" berretsi du horretarako eta hala jakinarazi zitzaien langileei atzo izandako batzarrean. Hiltegiak lansariak ordaintzeko likidezia ez badu, udalek jarriko dute dirua.
Astelehenetik, greban
Joan den astelehenean ekin zioten lanuzteari hiltegiko 11 langileek, bi hilabete lansaria kobratu gabe daudela salatzeko eta lan-gatazka bideratzeko asmoz, herenegun egindako batzar batean, Tolosaldeko Mankomunitateak batzen dituen 46 udalek premiazko esku-hartzea egitea erabaki zuten: soldata kobratu gabe dauden langileen lansariak eguneratzea, hiltegiak hornitzaileekin dituen zorrak kitatzea eta enpresaren azken hilabeteotako kudeaketa ekonomikoa aztertzea erabaki zuten.
Gaur egun, Incarosa enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia, eta ustiatzeko baimena du beste 10 urterako. Tolosaldeko eta Goierriko 75 harakini eta 400 abeltzaini baino gehiagori ematen die zerbitzua hiltegiak.