Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabea abiatu dute

Bertako langileek azken bi hilabeteetan ez dute soldatarik jaso. Greba deitu duen ELA sindikatuak adierazi du Tolosako hiltegia enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publiko bat dela, eta, hori dela eta, Tolosaldeko Mankomunitateari eskatu dizkio horren gaineko "erantzukizunak".

Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: Google Maps
Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: Google Maps

Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: Google Maps

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako hiltegiko langileek salatu dute lantegiaren egoera larria dela, eta greba mugagabea egingo dute bihartik aurrera. Guztira, 11 langile dira, eta aurreko bi hilabeteetan (abendua eta urtarrila) ez dute soldatarik jaso.

Gaur egun, Incarosa enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia, eta ustiatzeko baimena du beste 10 urterako. 

Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) azaldu duenez, enpresak zor handia pilatu du Tolosako Udalarekin eta Tolosaldeko Mankomunitatearekin, urte asko daramatzalako lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua ordaindu gabe.

Horregatik, kezka azaldu du, besteak beste, eskualdeko abeltzainei egin diezaiekeen kalteagatik.

Tolosako Mankomunitateak, bere aldetik, adierazi du urgentziazko esku-hartzea egiteko asmoa duela egoera bideratzeko. Hala ere, balizko irtenbide horrek, txosten juridikoaz gain, mankomunitatea osatzen duten 45 udaletxeen babesa lortu beharko du.

Greba deitu duen ELA sindikatuak, bestalde, adierazi du Tolosako hiltegia enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publiko bat dela, eta, hori dela eta, Tolosaldeko Mankomunitateari eskatu dizkio horren gaineko "erantzukizunak". "Zerbitzua kudea dezala, eta ordaindu gabe dauden soldatak ordain ditzala", galdegin dio.

Hiltegi horrek Ormaiztegi eta Andoain arteko herriei ematen die zerbitzua, guztira 75 harakin eta 400 abeltzaini baino gehiagori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako herriak Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosa gaur Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza albisteak Lan gatazkak Abeltzaintza azken ordukoa