Ekonomia -
LAN GATAZKA
Tolosako hiltegiko langileek greba mugagabea abiatuko dute otsailaren 24an, hiltegiaren egoera salatzeko
11 langile dira guztira, eta abenduan eta urtarrilean ez dute soldatarik jaso. Tolosako hiltegiak Ormaiztegi eta Andoain arteko herriei ematen die zerbitzua: 75 harakin baino gehiagori eta 400 abeltzaini.
EITB Media
Tolosako hiltegiko langileek salatu dute lantegiaren egoera larria dela, eta greba mugagabea egingo dute datorren astelehenetik aurrera (otsailak 24). Guztira, 11 langile dira eta azken bi hilabeteetan (abendua eta urtarrila) ez dute soldatarik jaso.
Gaur egun, Incarosa enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia eta 10 urte gehiagoz ustiapen baimena du.
Enba sindikatuak azaldu duenez, enpresak zor handia pilatu du Tolosako Udalarekin eta Tolosaldeko Mankomunitatearekin, lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua urte askoan ordaindu ez dutelako.
Sindikatuak kezka azaldu du, besteak beste, eskualdeko abeltzaineei egin diezaiekeen kalteagatik.
Tolosako Mankomunitateak, bere aldetik, adierazi du urgentziazko esku-hartzea egiteko asmoa duela, egoera bideratzeko. Hala ere, balizko irtenbide horrek, txosten juridikoaz gain, mankomunitatea osatzen duten 45 udaletxen babesa lortu beharko du.
Aipaturiko hiltegiak Ormaiztegi eta Andoain arteko herriak hartzen ditu bere baitan, eta guztira 75 harakin baino gehiagori eta 400 abeltzaini ematen die zerbitzua.