Ekonomia -
HEZKUNTZA
ELAk kritikatu egin du LABen eta Haurreskolak Partzuergoaren akordioa, baina bertan behera utzi ditu lanuzteak
Otsailaren 12rako eta 13rako Haurreskolak Partzuergoan deitutako grebak bertan behera utzi dituzte LABek eta Steilasek ere. ELAk, Steilasen moduan, ez du bat egin akordioarekin.
AGENTZIAK | EITB Media
Haur-eskolen sektorean hirugarren ordezkaritza handiena duen ELAk gogor kritikatu du LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoarekin atzo sinatutako akordioa, baina bertan behera utzi ditu deituta zeuden greba egunak. Izan ere, LABek gehiengo osoa izanda, "legez kanpokoa" litzateke lanuzteei eustea.
Atzo, LABek eta Steilasek ere bertan behera utzi zituzten otsailaren 12rako eta 13rako deituta zeuden grebak. Hala ere Steilasek, ELAren moduan, ez du bat egin akordioarekin, greba egiteko aldarrikapenek "ase" gabe jarraitzen dutelako .
Haurreskolak Partzuergoak lorturiko akordioaren balorazioa egiteko ELAk gaur goizean egin duen prentsaurrekoan, langileei "iruzur" egin zaiela salatu du Miren Zubizarreta ELAren hezkuntza arduradunak eta adierazi du "akordio hobea" merezi zutela.
Bestalde, Zubizarretak nabarmendu du akordioak ez dituela aldarrikapen nagusiak jasotzen. Horien artean, erosahalmenaren berreskuratzea, erretiroa aurreratzeko eta enplegua egonkortzeko neurriak hartzea eta ratioak hobetzea aipatu ditu.