Ekonomia -
AURREKONTUAK
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025erako aurrekontua onartu dute, EH Bilduren abstentzioarekin
EAJK eta PSE-EEk joan den astean EH Bildurekin itxitako akordioari esker atera dira aurrera kontuak. Elkarrekin Podemoseko eta PPko bost batzarkidek kontra bozkatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiak badu 2025erako aurrekontua, Batzar Nagusiek proiektua ontzat eman eta gero. Aurreikusita bezala, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, eta EH Bildu abstenitu egin da. Hala adostu zuten joan den astean, kontuen inguruko akordioa iragarri zutenean. PPk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, kontra bozkatu dute.
Modu horretan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aurrera ateratzea lortzen duen bigarren aurrekontuak dira. 10.660 milioi euro izango ditu bere Exekutiboak, datorren urteko politikak bideratzeko, iaz baino % 3,4 gehiago. EH Bildurekin lortutako akordioarekin, hasierako proiektutik 33 milioi euroko aldaketak onartu dira.
Gaurko saioan, EAJk eta PSE-EEk aurrekontuak izan duen "babes zabala" nabarmendu dute, 51etik "soilik bost" batzarkidek bakarrik bozkatu dutela aurka esanez. Mikel Bagan batzarkide jeltzalearen arabera, herritar guztiak aintzat hartu eta inor kanpoan uzten ez duen aurrekontua da. Akordioa lortzeko lan egin dutenen ahalegina txalotu du, "erantzukizunez" aritu direlako.
Ildo beretik, Goyo Zurro sozialistak ere ziurtatu du "arduratik" eta "begirada epe luzera" jarrita landutako proiektua dela. Gaur jasotako babesa "koiunturala ez izatea" espero duela ere gehitu du.
Bere aldetik, EH Bilduko Iker Casanovak akordioaren garrantzia azpimarratu du, koalizioak nahiko lituzkeen aurrekontuak ez direla aitortu arren. Proiektuan jasotako neurriak bizkaitarren onerako direla uste du, eta zentzu horretan, azaldu du ez dela koherentea "akordiorako dei egitea etengabe, txikiak izan arren, eta gero akordioei bizkar ematea".
Kontrara, PPk eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu dituzte kontuak. Diego Pagadigorria popularraren iritzian, "kontinuistak" eta "diru-bilketa helburu" duten aurrekontuak dira, eta ez dute balio "enpresa txikien, autonomoen eta herritarren" beharrei erantzuteko.
Azkenik, alderdi moreko Eneritz de Madariagak bereziki gaitzetsi du EH Bilduk Foru Erakundeko bazkideekin akordioa itxi izana, eta sozialisten eta jeltzaleen politikak "zuritzea" leporatu dio koalizioari.