Ekonomia -
Lan-gatazka
Milaka lagun atera dira kalera Iruñean, ixtear egon daitekeen Ezkirozko BSHko langileei babesa adierazteko
Enpresa-batzordeak "Ezkirozko BSH ixtearen aurkako jarrera" azaldu du, eta irtenbideak bilatzearen alde agertu da, BSHko zuzendaritzak astelehenean langileei helarazi zien ixteko iragarpenari aurre egiteko.
agentziak | eitb media
Milaka pertsona atera dira larunbat eguerdian kalera Iruñean, 3.500 lagun inguru Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, BSHk Ezkirotzen duen lantegiaren itxiera salatzeko eta 660 langilek osatzen duten lantaldeari babesa emateko.
Enpresa-batzordeak deitutako manifestazioa eguerdiko hamabiak jota abiatu da Iruñeko Golem zinemetatik, 'BSH ez itxi. Nafarroako industriaren alde' lelopean. Ibilbidean zehar, besteak beste, 'Balay, entzun, Ezkirotz borrokan dago', 'Zuen onurak, gure miseria' eta 'BSH ez da ixten' oihukatu dituzte.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Juanjo Hermoso de Mendozak, Ezkirozko BSH enpresako enpresa-batzordeko presidenteak, "Ezkirozko BSH ixtearen aurkako jarrera" azaldu du, eta irtenbideak bilatzearen alde agertu da, BSHko zuzendaritzak astelehenean langileei helarazi zien ixteko iragarpenarekin aurrera egin ez dezaten eta lantegia itxi ez dezaten.
Era berean, nabarmendu duenez, "bizi dugun testuinguru sozioekonomikoan", larunbat honetako manifestazioa "Nafarroako industriaren defentsan eta Susundegui, Tenerias Omega edo Gamesa bezalako beste lankideek dituzten prozesuen eta errealitateen defentsan" egindako manifestazioa ere izan da.
BSHren jabetzakoa izan zen Gasteizko SDA Factory lantegiko beharginei "agur amultsua" bidali diete. Izan ere, "lau urtez B&B Trendsen jokabiderik miserableena jasaten ari diren 55 langileei ere astelehenean jakinarazi zieten enpresaren itxiera, borondatezko konkurtso bidez".
Hermosoren hitzetan, astelehenean itxieraren berri izan zutenean, langileak "shock egoeran" geratu ziren, eta ordutik "lorik ere ezin dugu egin". Langileak "oso kezkatuta" daude, ezjakintasun handiko egoeran. "Jota gaude, eta bakoitzak bere errealitatea du hemen, baina oso kolpe bortitza da hau guztiontzat", azpimarratu du.
Enpresa-batzordeko presidenteak Nafarroako Gobernuan eta hark itxiera saihesteko egin ditzakeen ahaleginetan du "itxaropen izpi bat", Gobernuarekin koordinatuta daudela jakinarazi du, eta ez du baztertzen "beste erakunde publiko batzuen elkartasuna" ere bilatzea. Ezkirozko BSH itxi ez dadin, borroka sindikalak "azken hatseraino" jarraituko duela azpimarratu du.
Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak gutun bidez eskatu dio Matthias Metz BSHko zuzendariari izenda dezala itxiera saihesteko aukerez hitz egiteko mintzakide bat. Horretaz galdetuta, Hermoso de Mendozak pauso horiek "gauzatzea" espero du. "Borondate ona egotea, saiatzea, horixe da une honetan egin behar dena. Multinazionalaren erantzuna espero dugu Munichetik, negoziatzeko eta erabakitzeko ahalmena izango duen solaskide bat bilatzeko eskaera horri erantzungo diona", adierazi du.
"Pixkanaka joango gara, jakina, ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi langileen artean, hori psikologikoki krudelak izatea litzatekeelako. Baina argi aitortuko dugu: ez dugu oraingoz eperik", zehaztu du.