Ekonomia -
hEZKUNTZA PUBLIKOA
Launa greba egun deitu dituzte EAEko eskola publikoetan, haur-eskoletan eta garbitzaile eta sukaldarien artean
LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk egin dute deialdia. Hezkuntza Publiko ez unibertsitarioan urtarrilaren 22 eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an izango dira lanuzteak; haur-eskoletan, urtarrilaren 28-29 eta otsailaren 12-13an, eta sukalde eta garbiketan, urtarrilaren 30-31n eta otsailaren 19-20an.
EITB Media
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek launa greba egun deitu dituzte urtarrilerako eta otsailerako unibertsitatekoa ez den hezkuntza publikoan eta ikastetxeetako sukaldari eta garbitzaileen artean.
Guztira, 12 greba egun dira, sektore bakoitzeko lau. Hezkuntza ez unibertsitateko irakasleak urtarrilaren 22 eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an deitu dituzte grebara. Haurreskolak Partzuergoan, bestalde, urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12 eta 13an izango dira deialdiak, eta sukalde eta garbiketan, urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.
Lau sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute goizean, Bilbon, lanuzteen berri emateko. Salatu dutenez, Hezkuntza Sail berria izan arren —Begoña Pedrosa sailburua ekainetik da karguan— "azken urteetako jokamolde" berberari eutsi dio. Euren esanetan, "lan baldintzak okertzen ari dira, Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako". Halaber, nabarmendu dute greba deitutako sektore guztietan duela 15 bat urte —2010etik, irakasleena, eta 2009tik, haur-eskoletako langileena eta garbitzaile eta sukaldariena— iraungi zirela lan hitzarmenak.
Horren aurrean, mobilizatzea izan da sindikatuoi geratu zaien "aukera bakarra", betiere "negoziazio erreala" helburu.
Sektore bakoitzak eskaera zehatzak dituen arren, sindikatuek zazpi aldarrikapen komun helarazi nahi izan dituzte, honakoak: lan zama handia arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko langileriaren gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, sistema osoa euskaldunduko duen politikak abiatzea, lan osasuna zaintzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatzea.
Hezkuntza Saila, "harrituta"
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila "harrituta" azaldu da greba deialdiarekin, eta sindikatuekin negoziaketa mahaiak martxan dituela azpimarratu du. Argitu du aste honetan bertan, esaterako, sindikatuekin sei hitzordu tekniko dituztela.
Are gehiago, "Hezkuntza Bereziaren mahaian akordioa erdietsi" dutela adierazi du, eta asteon bertan "hitzarmena adostekotan" zirela erantsi.
"Greba deialdia kezkagarria da negoziazio prozesuetan murgilduta baikaude", ohartarazi du Begoña Pedrosak zuzentzen duen Sailak.