Ekonomia -
Pentsioak
Euskal pentsiodunek herri ekimen legegile bat sustatuko dute gutxieneko pentsioak osatzeko
Sinadura bilketa aurrerago abiatuko dute, HELa tramitera onartzen badute. Apirilaren 26an aurkeztuko dute Legebiltzarrean, eta elkarretaratzea deitu dute aurretik.
agentziak | eitb media
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herri ekimen legegile bat (HEL) jarriko du martxan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataraino irits daitezen Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaida eta onar dezan.
Donostiako Alderdi Ederreko Pentsiodunen Elkarteak eman du ekimenaren berri udaletxearen aurrean egin duen elkarretaratzean. Udako mobilizazioen etenaldiari amaiera eman diote horrela.
Karlos Etxeberria eta Maria Serrano bozeramaileek azaldu dute HELa aurrera eramateko erabakia irailaren 3an hartu zutela Gasteizen tokian tokiko plataformekin egindako bileran, eta horren berri eman dute gainerako hiriburuetan egin dituzten elkarretaratzeetan ere.
Azaldu dutenez, pentsiodunek, "legelarien eta ekonomialarien" babesarekin, 17 orriko testu bat egin dute euren proposamena arrazoitzeko, eta irailaren 26an aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean.
Tramitera onartuz gero, 10.000 sinadura biltzeari ekingo diote, horixe baita beharrezko kopurua HELari ekiteko.
Gutxieneko soldataren pareko pentsio bat ziurtatuko duen neurri bat eskatzen omen dute, "Europako gutun sozialak ezarritako nahikotasun irizpidean" oinarrituta. Irizpide horren arabera, batez besteko soldataren % 60 izan beharko litzateke gutxieneko pentsioa.
Testua babesteko arrazoi gisa aipatu dute, besteak beste, 150 udaletan onartu dituztela gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzeko mozioak.
Alderdi Ederreko Pentsiodunen Elkarteak ekimenean parte hartzeko deia egin die herritar guztiei, eta parte har dezatela Eusko Legebiltzarraren atarian, irailaren 26an, egingo duten elkarretaratzean.