Ekonomia -

Espazioa

LUR-1, aurreneko euskal satelitea, espazioratu du Falcon 9 koheteak

Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute satelitea. Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik jaurti dute kohetea, 20:56an.

Falcon 9 koheteaaren jaurtiketa. Irudia: Space X
Falcon 9 koheteaaren jaurtiketa. Irudia: Space X
LUR-1 satelitea, lehen euskal satelitea, espazioan dago

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AVS (Added Value Solutions) Arabako konpainiak orbitan jarri du LUR-1, Euskal Herrian osorik diseinatu eta garatu den lehen satelitea, enpresak Miñaoko Teknologia Parkean dituen instalazioetan egindakoa. Kohetea 20:56an abiatu da azkenean.

Cristina Ortega AVSko Espazioko zuzendariak Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez, espazioratu eta ordubete eta 20 minutura espero dute satelitearen lehen seinalea jasotzea.

Gasteiztik operazio guztia monitorizatuko dute satelitearen datuak maiztasun jakin batekin jasotzen dituzten antena batzuei esker.

Ortegaren esanetan, satelite horrek Kopernikok baino zehaztasun handiagoa du, eta neurketa zehatzagoak eta "orain arte egin ezin izan diren ikerketak" erraztuko ditu.

Mugarria hiru urteko lan zientifiko eta teknologikoaren emaitza da, eta 8 milioi euroko inbertsioa izan du. "Jauzi kualitatibo aparta da AVSrentzat", esan du konpainiak ohar baten bidez.

Elon Musk enpresaburuaren Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute satelitea. Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik jaurti dute kohetea.

Jaurti eta minutu batzuetara, kohetea eta satelitea banandu dira, eta Lurraren gainazaletik 515 kilometro inguruko distantziara orbitatzen ari da jada.

Falcon 9 kohetea eta Lur-1 satelitea, espazioan.

LUR-1 satelitea 57 kiloko mikrosatelitea da, eta hainbat bandatako antenak (UHF, S eta X), beso zabalgarri bat eta eguzki-panelak ditu. Mila lanegun baino gehiago eta 8 milioi euro inbertitu dira diseinatu eta fabrikatzeko prozesuan, horien % 40 funts publikoen bidez bildutakoak.

Sateliteak segundoko 7 kilometroko abiaduran orbitatuko du Lurra, eta bost urtez funtzionatuko omen du. Ondoren, bere orbita espazialetik aterako da, atmosferara berriz sartzeko, eta bertan desegingo da.

Bereizmen handiko irudiak eta jasangarritasuna

Teknologia hori guztia Lurraren bereizmen handiko irudiak hartzeko erabiliko dute, nahiz eta hasiera batean misioaren arreta Euskal Herriko geografian jarri, itsasertzaren bilakaera aztertzeko, izurriteen eta ibaien kontrolak aztertzeko eta laboreen banaketa kudeatzeko, besteak beste.

LUR-1 sateliteak MICE gailua darama, Arabako konpainiak ESArentzat (Europako Espazio Agentzia) garatutakoa.

Copernicus programaren satelite guztietan instalatuko dute, desorbitazioa prestatzeko, funtzionatzeari uzten badiote edo balio-bizitzaren amaieran erabiltzeko. Teknologia horrek espazioko zaborra kentzeko aukera erakustea du helburu, espazio jasangarriagoa lortze aldera.

Espazio sektoreak 800 milioi euro inguru sortzen ditu urtero Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.000 profesional ingururi ematen die lana, eta EAEko BPGren % 5,7 da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Araba Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nasa Enpresaburuak