Ekonomia -
LEHEN SEKTOREAREN PROTESTA
Gipuzkoan sortutako kolapsoa gorabehera, trafiko kudeaketaren irakurketa "positiboa" egin du Jaurlaritzak
Bide zein hiri segurtasunaren aldetik ez zela istilurik egon nabarmendu du Segurtasun sailburuordeak, eta protesta egiten dutenek "haien eskubideak" dituztela esan du.
EITB MEDIA
Lehen sektoreko profesionalek traktoreekin egindako protesten amaierak Gipuzkoako ipar ekialdeko errepide nagusiak kolapsatu zituzten atzo, asteartea. Sortutako auto-ilara luzeak gorabehera, ordea, trafiko kudeaketaren irakurketa "positiboa" egin du Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Euskadi Irratian.
"Neurriak hartu genituen, protesten eraginez arazoak sor litezkeelako zirkulazioan. Zailtasunak egon ziren garraioentzako, baina balorazioa positiboa da, bide zein hiri segurtasunaren aldetik ez baita istilurik egon", adierazi du Gartziak.
Segurtasun sailburuordeak nabarmendu duenez, "batzuen eta besteen eskubideak" bermatu behar dira kasu hauetan. Hala, garraiolarien haserrea "ulertzekoa" dela gaineratu du, geldirik igaro duten ordu bakoitzeko diru galdu baitute.
Auto-ilarak Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrirako norabidean sortu ziren; kontrako noranzkoan ez, ordea, jendarmeek kamioi batzuk pasatzen utzi zituztelako. "Frantziako nekazariek kamioiak tarteka ateratzea onartu zuten, baina gurean ez zen halakorik gertatu. Horrek eragina izan du mugaren alde batean zein bestean sortutako auto-ilaretan", azaldu du Gartziak.
Segurtasun sailburuorderen arabera, zenbait gomendio eman ziren zirkulazioan sor litezkeen arazoak saihesteko. Ildo horretatik, protesta egiten dutenek "haien eskubideak" dituztela esan du, eta Ertzaintzak zein Udaltzaingoak egindako lana eskertu du, ez baitzen "ezer" gertatu.
Astelehenean hasi ziren blokeoarekin nekazariak, sektoreko erregai eta energia zergak murrizteko eta Europako Batasunetik kanpoko elikagaiei mugak jartzeko eskatu dute. Gobernuei urrira arteko epea eman diete aldarri horiek betetzeko, baina betetzen ez badira "24 orduz baino gehiago ixteko prest" daudela ohartarazi dute.
A-15, AP-1 eta AP-8 errepideetan aurrekaririk gabeko ilarak sortu ziren; 40 kilometroko auto ilarak zenbatu dituzte une zailenetan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, egoera arintzen joan zen eta 21:45 aldera, gutxi gorabehera, errepideak normaltasunera itzuli ziren.