Ekonomia -
pobrezia energetikoa
EAEko 10 etxeetatik 2tan ezin izan zuten iaz tenperatura epela mantendu neguko hilabete hotzenetan
Bizi Baldintzen Inkestaren arabera, azken hamarkadan nabarmen hazi da pobrezia energetikoak jotako etxebizitzen kopurua: % 7 pasatxo zen 2012an, eta % 20ra igo zen 2023an. Biztanleriaren laurdenarentzat zama handia dira hipoteka, alokairu edo berogailu gastuak.
E. G. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) etxebizitzen % 20,2tan ezin izan zuten tenperatura epelari eutsi iazko hilabete hotzenetan; Nafarroan % 16,8koa izan zen portzentaje hori. Espainiako Estatuan are altuagoa da ehunekoa, % 27,5ekoa. INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur kaleratu ditu 2023ko Bizi Baldintzen Inkestaren datuak, eta besteak beste, etxebizitzen baldintzen inguruko estatistikak jakinarazi ditu.
Pobrezia energetikoak jotako —etxebizitza bat berotzeko edo hozteko gastuei aurre egiterik ez izatea— etxebizitzen kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. Zehazki, 2012ko datuekin alderatuz gero, 12 puntu igo zen portzentajea EAEn, eta ia halako hiru ziren iaz: % 7,4 ziren 2012an; % 20,2,, 2023an. Nafarroan ere bikoiztu egin ziren datuak (% 7,7 vs % 16,8).
Dena dela, bost etxebizitzatik batean (% 20,4) hobekuntzak egin zituzten berokuntza sistema edo isolamendu termikoa hobetzeko.
Neguan ez ezik, udan ere ongizate termikoa bermatzeko arazoak izan zituzten iaz Hego Euskal Herriko etxebizitzetan. Hala, EAEko etxebizitzen ia laurdenek (% 24,7) ezin izan zuten tenperatura freskoa mantendu udan (2012an, portzentajea ez zen % 15era heltzen). Nafarroan etxebizitzen herenari gertatu zitzaion hori, duela 11 urte % 25 baino gutxiago ziren bitartean.
Berogailu, hipoteka edo alokairu gastuak zama handia dira % 25arentzat
Berogailua, argindarra, hipoteka edo alokairuaren gastuak ordaintzea kostatzen zitzaien galdetuta, EAEko etxebizitzen laurdenean adierazi zuten gastuok "zama handia" zirela euren ekonomian. Gehiengo zabal baten aburuz (% 65,7 %) "arrazoizko" zama ziren, eta % 8,2rentzat ez ziren arazo.
Halaber, etxebizitzarekiko asebetetze mailak apur bat behera egin zuen iaz, betiere 2012ko datuekin alderatuta. Hori horrela, itaundutakoen % 85,3k esan zuten euren etxebizitzarekin "pozik" ala "oso pozik" zeudela, duela 11 urte baino sei hamarren gutxiago.
Besteak beste, etxebizitzaren tamaina, prezioa edo auzoarekin "pozarren" agertu ziren galdetutakoen % 66,1, eta "oso pozik" % 19,2. Gutxiengoa ziren (ia % 15) etxebizitzarekin pozik ez zeudenak.