Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
Sidenorrek Azkoitian duen lantegian astelehenetik aplikatuko dute urtebeteko enplegu-erregulazioko espedientea
UGT, CCOO eta USO sindikatuek zuzendaritzarekin akordioa lortu ondotik, neurria urtebetez egongo da indarrean, langile guztiei eragingo die eta gehienez ere lanorduen % 60 murriztu ahalko dira.
Agentziak | EiTB Media
Sidenorreko zuzendaritzak eta negoziazio mahaian gehiengoa duten hiru sindikatuek (UGT, CCOO eta USO) akordioa lortu zuten duela astebete pasatxo, Azkoitiko eta Reinosako lantegietan aldi baterako lan-erregulazio txostenak aplikatzeko. Horren arabera, urtebetez egongo da indarrean, apirilaren 15ean hasita.
Aipaturiko bi lantegietako langile guztiei eragingo die neurriak —errelebo-kontratua dutenak eta langabezia-saria agortuta dutenei salbu—, eta gehienez lanorduen % 60ko murrizketa ezarri ahalko da.
Bi aldeek sinatutako dokumentuaren arabera, borondatezkoa izango da hasiera batean urtebeteko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea onartzea.
Halaber, jarraipen batzorde bat osatuko dute, eta abenduan elkartuko da lehen aldiz.
Horrez gain, eszedentziak eta 1.250 eta 1.400 euro arteko kalte-ordainak adostu dituzte.
Azkoitiko lantegian 313 pertsonak egiten dute lan.
Bestalde, ELA akordiotik kanpo gelditu da, aldi baterako enplegu-erregulazioa "Azkoitiko lan-hitzarmenaren berritzea baldintzatzeko neurria" dela iritzita.