Ekonomia -

2023ko balantzea

Ikus-entzunezko industriak 58 milioiko eragina izan du Bizkaian, eta 1.000 filmaketa-egunen langa gainditu da

2023an 151 ekoizpen filmatu ziren lurralde historikoan, besteak beste, 12 film luze, 7 telesail, 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saio.

'Detective Toure' telesailaren grabaketa. Artxiboko irudia.
'Detective Toure' telesailaren grabaketa. Artxiboko irudia.
'Detective Toure' telesailaren grabaketa. Artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Bizkaia Film Commissionek lagundutako ikus-entzunezko proiektuek izandako eragin ekonomiko zuzena 58,5 milioi eurokoa izan da, eta kopuru hori laukoiztu egin da 2021ean izandako datuarekin alderatuta (13,8 milioi euro). Eragin ekonomiko induzituari dagokionez, 2023an 139,6 milioi eurokoa izan zen, 2021ekoa baino sei aldiz handiagoa.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapen Saileko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2023ko jarduera-balantzea aurkeztu dute gaur Zabalgune eraikinean.

2023an 151 ekoizpen filmatu ziren, eta 1.026 filmaketa-egun izan ziren Bizkaian, azken hau datu errekorra izanik, aurreko urtean baino %74 jardunaldi gehiago. 12 film luze eta 7 telesail, hauek izan  dira gehien areagotu diren ekoizpenak, % 140 eta % 40 hurrenez hurren, inpaktu ekonomikoaren gastu errealaren % 90 sortuz, jarduera pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko urtean.

Gainera, 269 ekoizpeni eman zaie arreta. Horietatik 68 nazioartekoak izan dira. Guztira, teknikari eta artista artean, 1.113 pertsona mobilizatu dira (figuranteak kontuan hartu gabe).

33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista-saio, 8 bideoklip, 2 webserie, 33 publizitate-iragarki eta 4 argazki-saiok osatzen dute iazko jarduera.

Arduradun politikoen hitzetan, "pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko aplikazio-urtean, Bilbo eta Bizkaia finkatu egin da ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko destino gisa. Horren guztiaren ondorioz, lurraldeko 67 udalerritan filmatu da, Bilbo udalerri horien erdigunea izaki".

"Hiriak momentu bikaina bizi du ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko agertoki gisa", nabarmendu du Ochandianok. Basurkok adierazi duenez, "2023 urte bikaina izan da ikus-entzunezko industriaren bultzadarako eta Bilbao Bizkaia Film Commissionentzat".

Hiriburuan eta lurraldean filmatu diren film luzeen ondoko izenburu hauek: 'Hate Songs', Alejo Levisek zuzendua; 'Una Ballena', Pablo Hernandorena; 'Anatema', Jimina Sabadurena; 'El bus de la vida' eta 'Cuatro Paredes', Ibon Cormenzanarenak; 'El Hoyo 2', Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendua; 'Nina', Andrea Jaurrietarena; 'El Molino', Alfonso Cortes-Cavanillasena; 'Jone, batzuetan', Sara Fantovarena; 'Nosotros', Helena Tabernarena; 'No puedo vivir sin ti', Santiago Requejorena; edo 'Marco', Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena.

Telesailei dagokienez, aipagarriak dira 'The othe side', Daniel Ecijak Disney+entzat sortua; 'Detective Toure', Jon Arretxeren eleberrietan oinarritua, EITB eta RTVErentzat; 'Angela' (Atresmedia/Disney+), 'Querer' (Movistar+), 'Cicatriz' (Amazon Prime/RTVE), eta 'Romi' (Mediaset). National Geographicen 'Europe from above' dokumentalak eta 'Fushigi Hakken' telebista-saioak, Tokyo Broadcasting kanalarena, tokia izan dute Bizkaian.

Gainera, buruzagi politikoen arabera, urteko lehen hiruhileko honetarako aurreikuspenak "oso positiboak" dira. Ekoizpen batzuk dagoeneko amaituta daude, hala nola 'Querer' seriearen filmaketa, eta urtarrilean hainbat ekoizpen jarriko dira martxan: 'Romi' eta 'Cicatriz' serieak, 'Cuerpo Escombro' eta 'Sin Instrucciones' filmak, edo 'Soy Nevenka' lanaren grabaketa, Iciar Bollainek zuzendua, hilabete honen amaieran abiatuko dena.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Ekonomia Zinema Prentsa digitalaren azken orduko Kultura 2024 Gaurko azken ordukoa Euskal Zinema Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Zerga politika gaur