Ekonomia -
Lehen sektorea
Frantziako Gobernuak hainbat neurri iragarri ditu laborarien protestak baretzeko asmoz
Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak iragarri du dieselaren gaineko zergaren igoera mailakatua amaituko dela, heskaiei buruzko araudia sinplifikatuko dela eta nekazaritza ekologikoari 50 milioi euro gehituko zaizkiola.
EITB Media
Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak hainbat neurri iragarri ditu laborarien protestak baretzeko asmoz, hala nola, diesel gaineko zergaren igoera mailakatua amaitzea, heskaien araudia sinplifikatzea eta nekazaritza ekologikorako 50 milioi euroko igoera.
Gainera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lurraren % 4 lugorrian uzteko betebeharra indargabetzea eta NPB sinplifikatzea eskatuko du otsailaren 1eko Europar Batasunaren (EB) goi-bileran.
Hala ere, Nekazaritza Ustiatzaileen Sindikatuen Federazio Nazionalak (FNSEA) eta Nekazari Gazteek (JJAA), sektoreko erakunde nagusietako bik, mobilizazioekin jarraitzeko eskatu dute Estatu osoan.
Herri Konfederazioa ere, sektoreko beste erakunde bat, mobilizazioarekin jarraitzearen alde agertu da, neurri eskasak direla iritzita.
"NPBa sinplifikatu behar da, egitate bat da", adierazi du Attalek gaur Montastruc de Salieseko etxalde batetik, Toulouseko iparraldean. Bertara joan da nekazaritza-sektorearen aldeko laguntzak iragartzeko. Izan ere, duela zortzi egunetik hona, areagotu egin da Gobernuaren gaineko presioa, Estatu osoan autobideak eta errepideak blokeatuta.
Attalek agindu du Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) ordainketak bizkortuko dituztela. Frantzia da mekanismo horren onuradun nagusia, urtean 9.000 milioi eurorekin. Esan duenez, "Europa gure babesik onena bada ere, tinko eutsi behar diogu gure nekazaritza defendatzeko".
Bestalde, "Frantzia Mercosur Ituna sinatzearen aurka dago, argi eta garbi, Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak lehen egunetik argi utzi duen bezala", adierazi du Frantziako lehen ministroak, eta berriro berretsi du Frantziako Gobernuak "aurka egiten" jarraituko duela etorkizunean, BFMTV telebista kateak jaso duenez.
EB eta Mercosur 2000. urtean hasi ziren merkataritza libreko itun bat negoziatzen, nahiz eta ordutik hainbat fase igaro diren, eta elkarrizketak gelditu egin diren. Eliseok salatutako hainbat ingurumen-gai prozesua amaitzeko mehatxu bihurtu dira.
TF1 irratian egindako adierazpenetan, iragarritako neurrietan "urrunago joateko" eskatu dio Arnaud Rousseau FNSEAko presidenteak Frantziako Exekutiboari. "Esandakoak ez du ondoeza baretzen", gaineratu du Rousseauk.