Ekonomia -

Lan-gatazka

Hiru ordurainoko atzerapenak eta "anabasa maletekin" Loiun, hirugarren greba egunean

Bilboko aireportuaren "kolapsoa" erabatekoa izan da: fakturatu nahian ilara luzeak egin dituzte ehunka bidaiarik, lurreratu ondoren hegazkin askok ezin izan dute ekipajea deskargatu eta aireportuan maleta ugari pilatu dira.

Bilboko aireportua. Argazkia: EFE
Bilboko aireportua. Argazkia: EFE
Maleta ugari pilatu dira Bilboko aireportuan hirugarren greba egunean

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberiako lurreko laguntza zerbitzuko langileek deitutako hirugarren greba egunak "hiru ordurainoko atzerapenak eta maleten anabasa" eragin ditu igande honetan Bilboko aireportuan, lau eguneko lanuzteak deitu dituzten sindikatuek jakitera eman dutenez.

Aire-konpainia lanean ari da azken orduotan Bilboko, Bartzelonako eta Kanaria Handiko aireportuetan pilatu diren maleta guztiak bezeroei "ahalik eta azkarren" bidaltzeko. Halaber, greba ez dela "irtenbidea" azpimarratu du Iberiak.

Bilboko aireportuaren "kolapsoa" erabatekoa izan da igande honetan: ehunka bidaiarik ilara luzeak egin dituzte fakturatu nahian, lurreratu ondoren hegazkin askok ezin izan dute ekipajea deskargatu eta aireportuan maleta ugari pilatu dira.

CCOO eta UGT sindikatuek Iberiak egoera horri aurre egiteko duen "ezintasuna" eta "eraginkortasunik eza" salatu dute. Goiza aurreko bi greba egunen "ildo beretik abiatu da", baina aurreko egunetan baino hegaldi gehiago aurreikusita daudenez, arazo ugari sortu dira; izan ere, Gabonetako oporretatik itzultzeko joan-etorri handiko eguna da gaurkoa Loiun. 

Hegaldi batzuek bi ordu eta erdi baino gehiagoko atzerapena izan dute 10:00etarako, bereziki helmuga Madril, Malaga edo Bartzelona zutenek. 

Sindikatuen arabera, 17 hegaldiri eragin zien grebak atzo Loiun, eta, atzerapenen ondorioz, azken orduan hegaldi bat desbideratu behar izan zuten Bartzelonara.

Gaur hegaldi gehiago aurreikusita daudenez, jende gehiago pilatu da maletak fakturatu eta hegazkinera igo nahian. Hori dela eta, aurreko egunetan baino "arazo gehiago" jazo dira.

Greba deitu duten sindikatuen esanetan, bete beharreko gutxieneko zerbitzuak % 90ekoak izan arren, grebaren jarraipena "erabatekoa izaten ari da Loiun", eta "maletekin anabasa" atzeman daitekeela ziurtatu dute. "Inork ez daki maleta horien jabeek noiz jasoko dituzten ekipajeak, Iberiako zuzendaritzak horren inguruan esaten duena ez baita egia", adierazi dute. Hondarribian, ordea, eragina oso txikia izaten ari da.

Kanarietatik Bilbora zetorren hegaldi bateko bidaiariak, Bartzelonan

Gauean, Kanaria Handitik Bilborako bidean irten zen hegaldi bateko 180 bidaiarik Bartzelonan igaro dute gaua. Datozen orduotan autobusez egingo dute bidaia, eta, ondorioz, 24 ordu inguru beharko dituzte hasieran hiru ordu bakarrik iraun behar zuen bidaia egiteko.

"Atzo hiru orduko atzerapenarekin atera ginen Kanaria Handitik, ezin zirelako maletak hegazkinean sartu, eta bagenekien ezingo ginela Bilbora garaiz iritsi, aireportua 24:00etan ixten baita", azaldu du kaltetutako bidaiari batek.

Hori dela eta, Vueling konpainiako bidaiariak haserre agertu dira gaur goizean Bartzelonako El Prat aireportuan.

Lanuzte gehiago deitzea aztertuko dute sindikatuek

Laster greba egun gehiago deituko dituztela esan dute sindikatuek, betiere airelineak haien eskaerei erantzuten ez badie: "Iberiak ez badu inolako keinurik egiten, lanuzte gehiago deitzea aztertuko dugu".

Gainera, protesta beste zerbitzu batzuetara ere zabal liteke, hala nola hegazkinen mantentze-lanetara.

Aeropuerto de Bilbao. Foto: EFE

Iberiaren arabera, % 18,5ekoa da grebaren jarraipena

Iberiaren arabera, batez beste % 18,5ekoa da lurreko zerbitzuetako langileak aireportuetan egiten ari diren grebaren hirugarren egunaren jarraipena. Aire-konpainiaren arabera, "normaltasunez" hasi da eguna, % 88ko puntualtasunarekin 09:00ak arte.

"Orain arte hegazkinen sartu ezin izan diren maleta guztiak horien helmugetara bidaltzeko lanean ari da konpainia", azaldu dute Iberiako iturriek. Hala, bidalketa hori beste hegazkin batzuetan edo errepidez garraiatuz egitea aztertzen ari dira, bidaiariei ekipajea ahalik eta lasterren helarazteko.

Konpainiak 539 hegaldi ditu aurreikusita gaurko, Gabonetako oporren osteko itzulera egun nagusia mugimendu handiko eguna baita aireportuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Bizkaia Grebak Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak Gasteizko Aireportua Sindikatuak Hondarribiko aireportua Lan gatazkak azken ordukoa Iruñea-Noain aireportua