Ekonomia -
EITB DATA
Euskadik Estatuko pentsiorik altuenak ordaintzen ditu, eta Nafarroa laugarrena da rankinean
Euskadi Estatuko rankingaren buruan dago, 1.485 euroko batez besteko pentsioarekin (Estatuko batez bestekoa baino % 24 altuagoa). Nafarroa laugarren Autonomia Erkidegoa da sailkapen horretan, 1.376 euroko batez besteko pentsioarekin (Estatukoa baino % 15 gehiago).
IKER GOMEZ DE LA PEÑA | EITB MEDIA
Autonomia-erkidegoetan ordaintzen diren batez besteko pentsioak kalkulatzeko, kontuan hartu behar diren pentsio motak hauek dira: erretiroa, alargun-zurztasuna eta lanerako ezintasuna.
Pentsio mota horiekin guztiekin batez besteko bat egiten badugu, Euskadi Estatuko rankingaren buruan dago, 1.485 euroko batez bestekoarekin (Estatuko batez bestekoa baino % 24 altuagoa). Nafarroa laugarren Autonomia Erkidegoa da sailkapen horretan, 1.376 euroko batez besteko pentsioarekin (Estatukoa baino % 15 gehiago).
2013 eta 2023 urteen artean, batez besteko pentsioa 421 euro igo da Euskadin, eta 395 euro Nafarroan.
Erretiro-pentsioei bakarrik erreparatzen badiegu, Euskadin ordaintzen direnak ere Estatuko altuenak dira: 1.700 euro inguru ordaintzen dira, Estatuko batez bestekoa baino 310 gehiago.
Estatuan, batez besteko pentsioa 1.100 eurotik beherakoa duten bost erkidego daude: Kanariak, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Extremadura.
Tarteei begiratuz gero, EAEk bikoiztu egiten du Estatuko batez bestekoa goiko tartean dauden pentsiodunei dagokienez (3.058tik gora euro kobratzen dutenek). Euskadin, 100etik 10ek jasotzen dute tarte horretako diru-kopurua. Estatuan, aldiz, ehuneko 5ek baino ez.
Euskadik eta Nafarroak, gainera, erdiko tartean dauden pentsiodun kopururik handiena dute ere. Pertsona hauek 1080 eta 3.057 euro arteko pentsioa kobartzen du. Azkenik, beheko tartean (1.080 euro baino gutxiago) dauden pentsiodunen ehuneko txikiena du Euskadik.
Azken urteetan, Euskadik ordaintzen duen batez besteko pentsioa gehiago hazi da ( % 39) batez besteko soldata baino ( % 27).