Ekonomia -
EITB DATA
Pentsiodunen kopuruak % 10 egin du gora azken hamarkadan Euskadin, eta erretiroa hartu dutenenak % 20
Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko helduen % 22k erretiro-pentsioa kobratzen du. Nafarroan, % 14k. Erretirokoak, pentsio guztien % 70 dira, azken EITB Dataren arabera.
IKER GOMEZ DE LA PEÑA | EITB MEDIA
Azken hamarkadan, Euskadik 4.576 pentsiodun gehitu ditu urte bakoitzeko. Orotara, 474.327 pentsiodun izatetik 520.083 izatera igaro gara, hau da, % 9,6ko igoera.
Nafarroak, bestalde, 1.374 pentsiodun gehiago batu ditu urteko, % 11,7ko igoera. Estatuan igoera hori % 10,1ekoa izan da.
Igoera hori bereziki esanguratsua izan da erretiro-pentsiodunen artean. EAEn, segmentu hori % 19,3 hazi da azken hamarkadan, Nafarroan % 22,2 eta Estatuan % 17,4.
Zehazki, gaur egun 371.195 pertsona daude erretiratuta Euskadin, biztanleria helduaren % 22. Nafarroaren kasuan, biztanleriaren % 14k erretiroagatiko pentsioa kobratzen du.
Hamar pentsiodunetik zortzik 65 urte edo gehiago dituzte Euskadin. Ratio horretan pentsiodunen ehuneko handiena duen autonomia-erkidegoa da (% 83,1). Estatuan, datu hori % 80,5ekoa da.
Bestalde, Euskadik enplegatuen eta pentsiodunen arteko ratiorik txarrena du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 1,88 langile daude pentsiodun bakoitzeko. Hau da, pentsiodun bakoitzeko ez dira bi izatera iristen lana dutenak. Nafarroan, berriz, pentsiodun bakoitzeko 2,28 langile daude, eta Estatuan 2,33.
Azkenik, EITB Datak 2028an Euskadin eta Nafarroan izango dugun argazkia proiektatu du. Bi erkidegoek nabarmen handituko dute euren pentsiodunen kopurua: Euskadik orain baino 20.218 gehiago izango ditu, eta Nafarroak 8.000 gehiago.