Ekonomia -

2024ko EAEko AURREKONTUAK

Jaurlaritzak 15.025 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du, iazko aurrekontua baino % 5,4 handiagoa

Mundu mailako ziurgabetasunak gora egin duen honetan, Aurrekontuak dira "zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko euskarri eta bermatzaile", Azpiazu sailburuaren arabera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. EITB Media
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua aurrekontu proiektuaren aurkezpenean
EAEk 15.025 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, iaz baino % 5,4 gehiago

3:19

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu Kontseiluak 2024ko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuen proiektua onartu du, 15.025,4 milioi eurokoa, hau da, iazko aurrekontua baino % 5,4 handiagoa izango da, 774,7 milioi euroko igoerarekin. Zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko "euskarri" eta "bermatzaile" gisa planteatzen ditu Aurrekontuak Eusko Jaurlaritzak, "ziurgabetasun globalaren testuinguru honetan".

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak gogora legegintzaldi honetako azken aurrekontu proiektua dela, eta mundu mailako ziurgabetasunek (pandemia, gerrak eta inflazio altua) gastu publikoa baldintzatuko dutela.

"Ziurgabetasun globalaren testuinguru honetan, aurrekontua gure zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko euskarri eta bermatzaile bihurtzen da, pertsonekin, garapen ekonomikoarekin, enpleguarekin eta gure planetaren zaintzarekin konprometitutako etorkizuna eraikitzea helburu hartuta", gaineratu du.

Ziurgabetasunak ziurgabetasun, EAEko ekonomia aurten % 1,7 eta 2024an % 2,1 haziko dela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Euskal ekonomiaren hazkundea "moteldu" egingo bada ere, Europako ekonomiak baino nabarmen gehiago haziko dela adierazi du sailburuak.

Azpiazuk azaldu duenez, aurrekontu proiektua lau zutabetan oinarritzen da: pertsonak, planeta, oparotasuna eta autogobernua. "Apustu sendoa dira Euskadiko bizi kalitatea bermatzeko eta hobetzeko (Osakidetzan hazkunde handia izan da) eta haren garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzeko", gehitu du.

Osasunak, Hezkuntzak eta Lan eta Enpleguak aurrekontu osoaren % 65 izango dute. Grafikoa: EITB

Sailburuak emandako datuen arabera, EAEko 2024ko aurrekontu proiektuaren % 76 (10.934,4 milioi euro) gizarte politiketara bideratuko da, 653 milioi euroko igoerarekin. Aurrekontu igoerarik handiena izango duten sailak Osasuna eta Hezkuntza izango dira. Osasun Sailak izango du diru partidarik handiena (4.896,6 milioi euro) eta zenbateko horren % 79 Osakidetzara joango da. Jarraian, Hezkuntza eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak dira hazkunderik handiena izan dutenak, "hezkuntzako langileen eta etxebizitzako igoera handiagatik, hurrenez hurren".

Eusko Jaurlaritzak "apustu irmoa" egiten du inbertsio publikoaren alde, 2.000 milioi eurotik gorakoa izango baita (2023an baino % 13,5 gehiago). Halaber, I+G+Bra bideratutako aurrekontuak % 6,5eko igoera izango du, eta 700 milioi eurotik gora iritsiko da. 2021etik I+G+Bra bideratutako aurrekontua % 31 hazi da.

Aurrekontuen zati handi bat, 5.900 milioi euro, langile publikoen soldata ordaintzera bideratuko da. Iaztik, % 6,1 igo da diru partida hori, besteak beste, langile publikoen soldata % 2 igoko delako datorren urtean.

Urriaren 27an aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da, eta sailburuek agerraldia egingo dute azaroaren 6tik 8ra. Sailburuen agerraldien ostean, EH Bildurekin, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs alderdiekin balizko aliantzak lortzeko negoziazioen txanda irekiko da. Aurrekontu proiektua abenduaren 22an onartzea aurreikusita dago.

Azpiazuk onartu du "ez dela erraza" izango hauteskunde urtean beste alderdien babesa lortzea, baina uste du guztiek jakingo dutela "egoerak eskatzen duen mailan egoten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak