Ekonomia -

Lan istripua

Urriaren 9an Erandion aldamio batetik erorita zauritu zen langilea hil egin da

32 urteko langilea larri zauritu zen, lau metroko altueratik erorita, amianto-plakak kentzen ari zela.

agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den urriaren 9an Erandion (Bizkaia) aldamio batetik erorita larri zauritu zen 32 urteko behargina hil egin da, jasandako zaurien ondorioz, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

Reformas Maver enpresako langilea lau metroko altueratik erori zen amiantozko egitura bat desmuntatzen ari zenean, joan den astean ELA sindikatuak zabaldu zuenez.

LABek adierazi du "itxura guztien arabera" istripua gertatu zen unean langileak ez zuela erorikoen aurkako babes-sistemarik, eta hori "bereziki deigarria" dela, amiantoa kentzeko prozesu batean "prebentzio-neurriak eta enpresariaren kontrola muturrekoak" izan beharko liratekeelako.

"Horrek erakusten du gaur egun, prozesurik arriskutsuenetan eta arau zorrotzagoak dituztenetan ere, prebentzio-araudia ez dela betetzen, patronalak ez dituelako horretarako bitartekoak jartzen. Hori langileek euren bizitzekin ordaintzen dute", gaineratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Erandio Bizkaia ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak