Ekonomia -

GAROÑA

Enresa enpresak Garoñaren titulartasuna hartuta abiatu du zentralaren desegite prozesu "atzeraezina"

Garoñaren etorkizunaren inguruan sortu den polemikaren ondotik, Jose Luis Navarro Enresako presidenteak argitu du ez direla energia-politiken inguruko gaietan sartzen, jarraibideak jarraitzen dituztela soilik. Gaineratu du prozesua etetea aurreikusten duen araudirik ez dagoela nahai gainean.

Garoñako zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Garoñako zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Enresa enpresa publikoak bere gain hartu du gaur Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren titulartasuna

0:24

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteiztik 40 kilometrora dagoen Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren titulartasuna Enresa enpresa publikoaren esku geratu da asteazken honetan, eta urrats horrek bide eman dio zentralaren desegitea abiatzeko prozesuari.

Jose Luis Navarro Enresako presidenteak komunikabideen aurrean azaldu duenez, desegite prozesua "atzeraezina" da eta argitu du Enresa ez dela "politika energetikoei buruzko gaietan" sartuko, eta beraiek jarraibideak jarraitzera mugatzen direla.

Enresako presidenteak gogorarazi du Garoña 2012ko abenduan itxi zela, jarduera eten zenean, eta 2017ko abuztuan berretsi zela, behin betiko kargugabetze aginduarekin. Halaber, gaineratu du ez dagoela desegite prozesua etetea aurreikusten duen araudirik, eta, beraz, "hori ezinezkoa" dela. 

Bi fasetan egingo da zentral nuklearraren desegite prozesua, eta ondo bidean, 2033 urtean amaituko da. Orotara, 475 milioi euroko kostua izango du. Aurreikuspenen arabera, 350 langile inguru arituko dira lanean, zenbait fasetan, aldi berean.

Lehenengo fasean urmaeletik erregaia atera eta turbina-eraikina tratamendu-instalazio bihurtuko dute. Hori 2026. urterako amaituta egongo litzateke. Beste zazpi urte emango lirateke bigarren fasea osatzeko eta prozesua amaitzeko, lurrak Nuclenorri itzuli aurretik.

Eusko Jaurlaritza pozik agertu da zentral nuklearra desegitearen albistearekin, eta "ezarritako ibilbide-orrian beste urrats bat" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Garoña Enpresen albisteak