Ekonomia -
5 urteko iraunaldia
Nafarroako okindegietako lan-hitzarmen berriak % 12ko soldaten igoera jasoko du 2027ra bitartean
Gehiengoa duten UGT Nafarroa eta CCOO Industria sindikatuek sinatutako akordio berriak 1.200 langileri eragingo die. Urteko lanorduen "murrizketa historikoa" izan da lorpenetako bat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Okindegietako Lan-Hitzarmen berria sinatu dute sektoreko patronalak eta Nafarroako Industria, Eraikuntza eta Nekazaritzako UGT eta Industriako CCOO sindikatuek.
Hitzarmen berriak 5 urteko iraunaldia izango du, 2023tik 2027ra arte, eta, sindikatuek ohar baten bidez zabaldu dutenez, % 12ko soldaten igoera oro har aurreikusten du: % 3ko igoera 2023an, % 2,5 2024an, kopuru bera 2025ean eta % 2 2026 eta 2027 urteetan.
Hitzarmenaren arabera, soldatak berrikusiko dira urtero eta lehenengo hiru urteetan KPIra egokituko dira, 2026ko urtarrilean 0,75 puntu gehituta. 2028an KPIra berriro egokituko dira, 1,25 puntu gehituta.
UGT-FICAk azpimarratu duenez, urteko lanorduen "murrizketa historikoa" izan da negoziazioan lortutako lorpenetako bat: 1.714 izango dira, 16 gutxiago. Beste 4 gutxiago izango dira 2026an, eta 8 gutxiago 2027an.
Lan-baimenetan, oporretan, eszedentzietan, eskola-laguntzetan eta haurtzaindegirako laguntzetan hobekuntzak ere aurreikusten ditu 1.200 langile ingururi eragingo dien akordio berriak. Gainera, errelebo-kontratuak egiteko babesak edo lanaldi partzialeko langileentzako urteroko lanaldi minimoak ere ezartzen ditu.